Gure Esku Dago herri dinamikako kideek bazkide kanpaina abiatu dute. Zornotzan aurkeztu dute kanpaina Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasek eta 50 lagunetik gora bildu dira Zuzendaritza Batzordearen bileran.
Azaldu dutenez, Eskura Hausnarketan murgilduta pasa diuzte azken bi hilabeteak, eta bertan izandako eztabaida eta erabakien ondorioa da bazkide kanpaina abian jartzea.
Gure Esku Dagok bazkidearen figura erabiliko du «dinamika herritar gisa dagokigun barne funtzionamendu demokratikoan sakontzeko helburuarekin, herritarron zuzen-zuzeneko partehartzea baloratu eta bide emateko».
Gogora ekarri dute, Gure Esku Dago «erabakitzeko eskubidearen aldarritik gauzapenera igarotzeko» sortu zutela eta bide horretan, «fase erabakiorrean» sartu garela nabarmendu dute.
Ildo horretan, bazkide egiteko moduak azaldu dituzte. Alde betetik, Gure Esku Dagoko herri/auzo batzordearekin harremanetan jarri eta bazkide-fitxa beteta edo bestela Gure Esku Dagoren webgunean.
Bazkidearen eskubide eta betebeharrak ere azaldu dituzte. Dinamikaren ekimen guztietan nahieran parte hartzeaz gain, erabakietan eztabaidan parte hartu ez ezik, botoa eman ahal izango dute.
Aldi berean, dinamika ekonomikoki sostengatzeko konpromisoa hartuko du, betiere bere aukeren arabera hautatutako kuotari esker.