@aagirrezabal
IRUÑEA

Kop, Kaotiko, Arkada Social, Mc Onak, Tximeleta eta DJ Jotatxo torturaren aurka, otsailaren 13an

Otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna ospatzen da Euskal Herrian, eta data honekin bat eginez Aztnugal Rock jaialdia ospatuko da Iruñerrian, tortura salatu eta honen amaiera aldarrikatzeko jomugaz. Bertako oholtza gainera igoko dira Kop, Kaotiko, Arkada Social, Mc Onak, Tximeleta eta DJ Jotatxo, zehazteke dagoen Iruñerriko herri batean.

Aztnugal Rock otsailaren 13an ospatuko da Iruñerrian.
Aztnugal Rock otsailaren 13an ospatuko da Iruñerrian.

Kop, Kaotiko, Arkada Social, Mc Onak, Tximeleta eta DJ Jotatxo torturaren aurka arituko dira Iruñerrian otsailaren 13an. Data honetan ospatzen da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna eta data baliatuz antolatu dute Aztnugal Rock Jaialdia.

Azaroan jarri zuten martxan Aztnugal kanpaina apiriletik aurrera espainiar Entzutegi Nazionalean epaituak izango diren bost hiritar nafarrek. Gorka Mayo, Iker Moreno, Gorka Zabala, Iñigo Gonzalez eta Jon Patxi Arratibelek zortzina urteko espetxe zigor eskariei egin beharko diete aurre.

Datorren urtarrilak 18an bost urte beteko dira atxilotuak izan zirenetik. Grande Marlaska epailearen aginduz izan ziren atxilotuak, Ekineko kide izatea leporatuta. Inkomunikazio egoera pairatu zuten eta torturak salatu zituzten. Haietako batek, Arratibelek, bere deklarazioan abizena aldatu zuen eta «Aztnugal» idatzi zuen bertan, «laguntza» alderantziz, bizitzen ari zen egoera salatu asmoz.

Orain, torturaren aurkako borrokan eredu bilakatu den hitz hau erabili dute kanpainarako eta baita otsailaren 13an ospatuko diren kontzertuetarako.