@belastegi
Donostia

9.000 pertsona inguruk hartu dute parte Abian prozesuaren lehenengo fasean

Otsailaren 27an ekingo diote prozesuaren bigarren parteari herriz herri eta auzoz auzo egingo dituzten batzarrekin. Aldi berean, otsailak 20an espetxeetara egingo diren martxen berri eman dute.

Abian prozesuaren eragileek Donostian egin duten prentsaurrekoan. Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Abian prozesuaren eragileek Donostian egin duten prentsaurrekoan. Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Duela bost urte Ezker Abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpena osatu zuen, baina orduztik Euskal Herriaren egoera aldatu egin da eta egungo egoeraren analisia egin behar dela beharrezkoa ikusten dute. Hori dela eta, azaroaren 7an hasi zen Abian prozesua Ezker Abertzaleko 300 kide ingururen laguntzarekin. Bi fase izango ditu honek: lehenengoa jada amaitu da eta bertan 9.000 pertsonek hartu dute parte eta 719 ekarpen pertsonal zein kolektibo jaso dituzte. Lehen fase hori «entzute eta harreman» fasea izan da eta bigarren fasean, otsaila eta apirila bitartean izango dena, eztabaidari ekingo diote.

Hiru batzar egingo dituzte herri eta auzoetan, batzar bakarrean eduki guztiari buruz hitz egitea zaila litzatekelako. Hala, lehenengoan landu nahi duten tesiaren inguruan mintzatuko dira, bigarrenean estrategia politikoa eguneratzeko moduak aipatuko dituzte eta hirugarrenean Ezker Abertzalearen militantzia ereduari buruz arituko dira. Bigarren fase hau otsailaren 27an hasiko da. Batzar horietan presoak ere kontutan hartuko dituzte, haiek ere Ezker Abertzaleko militanteak diren unetik parte hartzeko eskubidea dutelako. Horregatik, otsaila hasierarako lehenengo fasearen sintesiaren txostena egingo dute eta espetxe guztietara bideratuko dute.

Bestalde, otsailaren 20an euskal presoak dauden Estatu espainoleko eta Portugaleko espetxeetara antolatu dituzten martxen berri eman dute. «Presondegietan eztabaida behar den bezala eman dezaten dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatu eta Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzea izango da martxa hauen helburua», argitu dute. Era berean aipatu dute Estatu frantsesean ere «ekimenen bat aurrera eramango den arren», ezin dutela zehaztu zer egingo den.