Euskal Herritik abiatu diren lau autobusak (bi Ipar Euskal Herritik eta beste bi Hegoaldetik) goizeko 11.00etan iritsi dira Rennesera, Arantxa Manterola GARA eta NAIZeko kazetariak azaldu duenez.
Estatu frantsesean larrialdi egoera ezarrita egonagatik ere, manifestazioa baimenduta zegoen eta Lorentxa Guimon preso duten espetxearen aurrean bukatu da. Hitzordua 14.00etan jarria bazegoen ere, ordubete beranduago hasi da manifestazioa, ‘Euskal presoak etxera’ eta ‘Libération Lorentxa Guimon’ oihupean. Pankarta nagusian, Lorentxaren aldeko aldarria, frantsesez eta bretoieraz.
‘Valls, Urvoas, Lorentxa askatu’ leloak ere oihukatu dituzte hiriko kaleak zeharkatu dituzten 500 manifestariek. Bertako hautetsiak, PSkoak, NPA, LAB, Solidaires sindikatuetako kideak eta ordezkari kurduek parte hartu dute mobilizazioan.
Espetxeko hormaren ondora iritsi direnean, ‘Lorentxa, herria zurekin, Bretainia zurekin’ oihuak egin dituzte.
Bretoieraz, euskaraz eta frantsesez espetxe aitzinean egindako hitzartzeetan Gobernua bera egin dute «arduradun», Guimonen kasuan bezala baita eri dagoen Ibon Fernandez Iradien kasuan ere, «egoera gizagabe» horretaz.
Konponbide prozesuaren blokeoan bai Parisek bai Madrilek duten erantzukizuna nabarmendu dute, preso gaixoekiko duen jokamoldea horren adibidetzat jarrita. Une hunkigarrienak espetxeko horma guztien itzulia egin denean gertatu dira.
Ekitaldia «Eusko Gudariak» abestuz amaitu da eta Euskal Herrirako bideari ekin diote bertaratutakoek.