NAIZ
BILBO

Bilbao Athleticen garaipen ona, Aketxeren hiru golei esker (4-2)

Aketxek gidatutako Bilbao Athleticek garaipen ona eskuratu du San Mamesen Ponferradina garaituta. Santamariak egin du laugarren gola. Hiru puntuak eskuratu eta azken postua utzi dute bilbotarrek, baina bigarren mailan mantentzeko postuak sei puntura dituzte oraindik. (Hemen partidak utzitako zenbakiak).

Lau gol ospatu ahal izan dituzte gaurkoan Bilbao Athleticeko jokalariek. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Lau gol ospatu ahal izan dituzte gaurkoan Bilbao Athleticeko jokalariek. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Eurite handi batekin batera iritsi da urteko garaipen onena Bilbao Athleticeko jokarientzat. Aketxek gidatuta, hiru puntuak etxean geratzea lortu dute Cuco Zigandaren mutilek. Hasiera-hasieratik nagusitu dira bilbotarrak, eta goitik behera datorren Ponferradina baino gehiago izan dira momentu oro.

Lehen zatiko erdialdera egin du arratsaldeko lehen gola Aketxek. Talde jokaldi on bat eta gero, ederki definitu du ezker hankaz. Golak indarrak eman dizkio talde gazteari, eta hamar minutu beranduago iritsi da bigarrena. Berriz ere Aketxek.

Atsedenaldira lasaitasunez joango zirela zirudien, baina aurtengo patuari jarraiki, Bilbao Athleticekoek sufritu beharra izan dute eta lehen zatiko azken minutuetan gola jaso dute. Acoranek distantziak murriztu egin ditu.

Minutu horietan gol sikologikoak direla esan ohi da, baina min egiteaz urruti, bigarren zatiari indarrez eta gogotsu ekin diote gazteek. Honela, 54. minutuan, jokaldi nahasi baten ostean, Santamariak hirugarren egin du. Hala ere partida ez da bertan amaitu, eta Ponferradinak ez du etsi.

Amaierarako 20 minutu falta zirela, berriz ere, markagailua estutzea lortu du Meleroren golarekin. Bilbotarrei, beste behin, garaipenak ihes egin ziezakiola zirudien, baina arratsaldeko momenturik ederrena iristeke zegoen. Atetik 25 metro ingurura Bilbao Athleticen aldeko falta adierazi du epaileak. Aurreko bi golek emandako konfidantzak bultzatuta, Aketxek baloia hartu du eta jaurtiketa lehor baten bidez laugarrena igo du markagailura.

Bertan amaitu da partida. Ponferradina hirugarren baloi bat sareratu egin du, baina baliorik gabe utzi du epaileak, Jeborren jokoz kanpoko argiza zela-eta.

Emaitza honekin azken postua utzi dute txuri-gorriek, baina oraindik ere, bigarren mailan mantentzeko postuak sei puntura dituzte.