NAIZ
BILBO

«Galdera asko erantzun gabe», Iñigo Cabacasen heriotzaren laugarren urtemugan

Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuela lau urte betetzear direla, justizia eske segitzen duela azpimarratu du Iñigo Gogoan platormak «galdera asko erantzun gabe» daudelako. Athleticeko zalea gogoratzeko elkarretaratzea eta manifestazioa deitu dituzte apirilaren 9 eta 10erako.

Manu Cabacas eta Fina Liceranzu, Jone Goirizelaia abokatuaren ondoan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Manu Cabacas eta Fina Liceranzu, Jone Goirizelaia abokatuaren ondoan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Iñigo Gogoan plataformak Cabacasen heriotzaren laugarren urteurrenaren harira antolatutako deialdiak bere webgunean bildu ditu Uriola hedabide digitalak.

Apirilaren 9an, Athleticeko zale gaztea zendu zen egun berean, senide eta lagunek elkarretaratzea egingo dute 12.30ean pilotakada jaso zuen Indautxuko kalezuloan.

Hurrengo egunean, apirilak 10, igandea, manifestazioa egingo dute 16.30ean, Justizia Jauregitik abiatuta.

Ertzaintzaren pilotakada batek Cabacas hil zuenetik lau urte beteko direnean auzia instrukzio fasean dagoela oraindik kritikatu dute. Lau urte horien ondoren «galdera asko erantzun gabe» daude, Iñigo Gogoan ekimenaren aburuz.

Gogoratu duenez, hain instrukzio luzearen ondotik sei inputatu daude «bakarrik» eta gaineratu dute ikerketa pilota jaurti zuen ertzaina identifikatzera «mugatu» dela. «Uste dugu ez dela horretara soilik mugatu behar, badirela operazioa prestatu eta gidatu zuten arduradunak, tiro egitea agindu zutenak eta ankerkeriarekin jokatzea agindu zutenak. Guzti horrek izan zituen ondorioak ezagutzen ditugu, eta hori ere epaitu behar da», nabarmendu dute, lehen egunetik «erantzukizun politikoa» ere eskatu dutela gaineratuz.

Horrez gain, polizia ereduaren aldaketaren alde lanean segiko dutela aldarrikatu dute.