Gari M. ZUBIARRAIN
BAIONA

Parisek lan erreforma erretira dezan mobilizazio eguna

Martxoaren hasieran abiatutako bidetik greba eguna dute Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean, Parisek onartu asmo duen lan erreforma berriaren aurka. Lanuztea batez ere garraioan, irakaskuntzan eta hedabide publikoetan izaten ari da eragina. Baionan 3.500 lagun inguru bildu dira goizeko manifestazioan.

Euripean egin dute manifestazioa Baionan. (Bob EDME)
Euripean egin dute manifestazioa Baionan. (Bob EDME)

Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan mobilizazio andana izango da Parisko Gobernuak ezarri asmo duen lan erreforma berriaren aurka. Hilabete osoan zehar antzeko mobilizazio ugari izan da, martxoaren 9an milaka herritar batu ziren Baionan eta Donapaleun izandako mobilizazioetan, bigarren hitzordu nagusia pasa den ostegunean izan zen, Parisek erreforma aurkeztearekin bat eginez, eta gaurko hitzorduari garrantzia berezia eman diote grebaren deitzaileek.

Ipar Euskal Herrian, Baionan manifestazio jendetsua egin dute goizean, GARAren kontaketaren arabera 3.500 lagun inguru bildu dira. 10.30etarako zegoen deitua. Ordu horretarako, eguraldi makurrari aurre eginez, erruz ari zen hurbiltzen jendea manifestazioaren abiapuntura, tren geltoki ondoan dagoen Lan Poltsaren inguruetara. Ordu laurdeneko atzerapenarekin, inoiz baino garaizago hala ere, ekin diote manifestazioari datorren astean Asanblea Nazionalean aztertzen hasiko diren lan erreforma asmoaren aurkakoek.

Sindikatu arteko ordezkaritza batek zeraman pankarta joan da manifestazioaren buruan, frantsesez ‘Eskubide sozialak erauztearen aurka, lan legearen proiektua erretiratzearen alde’ zioena. Ondotik, milaka manifestariren artean, beste hainbat eta hainbat pankarta, tartean, ikasleek eskuetan zutena –‘Gazteria lan erreformaren aurka’ zioen– edota Khomri lege egitasmoaren aurka Ipar Euskal Herrian eratu plataformak zeramana –‘Lan erreforma erretiratu arte borrokan’ zioen–. Manifestazioaren burua Boufflers etorbidea utzi eta Baiona Ttipian sartzear zela abiatu berri ziren azken manifestariak tren geltoki ondotik.

«Ez da lan lege bat, esklabotza lege bat da», «lege egitasmoa baztertu» edota «ez, ez, ez lan erreformarik ez» oihu bakanen artean –ikasle multzoa izan ezik, horiek protesta osoa garraxi batean burutu baitute– Kontseilu Orokorraren aurretik igaro, Saulten dorrearen kale pattarra igo, Iruñea kalea zeharkatu eta Paulmy etorbidean behera jaitsi dira suprefeturaraino. Hantxe eman dute amaitutzat mobilizazioa, bi hitzartze labur ezberdinekin, batetik sindikatu artekoarena, bestetik, lan erreformaren aurkako kolektiboarena. Bietan eskatu da Khomri ministroaren lan erreforma egitasmoa berehala bertan behera uzteko. Mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela iragarri dute lege asmoa erabat baztertu arte.

Garraioa eta hezkuntza

Lanuzteari dagokionez, hezkuntzan eta garraioan izaten ari da eragina batez ere, aldiriko trenetan eta AHTn. Biarrizko aireportuan, berriz, sei hegaldi bertan behera geratu dira. Gainera, aire kontrolatzaileek ere bat egin dute grebarekin, 36 orduko lanuztean baitira atzotik. Hezkuntzan ere jarraipen handia izan du grebak eta ikasle ugari izan dira Baionako manifestazioan.

«Lan munduari iseka»

Sindikatu deitzaileek elkarrekin argitaratu duten agirian, Myriam El Khomri Lan ministroaren izena daraman legea «lan munduari iseka» dela salatu dute, «aurrez ikusi gabeko erasoa» dela eta lan baldintzen «kaltzetze nabarmena» eragingo duela. Sindikatuen euren eraginkortasuna ahultzeko neurriak, prekarietatearen orokortzea eta enpresek kaleratzeko erraztasunak dakartza erreformak, besteak beste. Mobilizazioetan lan erreforma bertan behera uztea eskatuko dute.

Baionan ez ezik, Frantziako Estatuko dozenaka hiritan izango dira antzeko mobilizazioak. El Khomri ministroak, hala ere, ez du legea bertan behera uzteko asmorik, oraingoz. Asteartean esan zuen Lan ministroak «ulergarria» dela «horren erreforma sakona dakarren testuak eztabaida sortzea». Sindikatuek erreforma erabat liberala sustatzea egotzi diote PSren gobernuari; patronalak, aldiz, ez dela behar bezain sakona dio.