Donostiako San Telmo Museoaren atarian, Zuloaga plazan egin du agerraldia Sare herritarrak. Mikrofonoan, Joseba Azkarraga eta Idoia Ibero. Inguruan, hainbat kide eta kazetari andana. Bi kontu azaldu dituzte: alde batetik, maiatzaren 14 eta 15ean 'Hartu trena' dinamikaren baitan herrietan gauzatu nahi duten «inflexio puntua»; eta bertzetik, ehunka preso eta iheslari ohik apirilaren 17rako Bilbon deitu duten manifestazioari emandako atxikimendua eta honen inguruan egiten duten irakurketa.
Lehenengo puntuarekin hasita, esplikatu dutenez, herri eta auzo bakoitzak bere ekimenak antolatzea da ideia, orotariko ekintzak, euskal presoei eta euren familia eta lagunei urratzen zaizkien giza eskubideen inguruan. «Gaur egungo espetxe politikaren bitartez, ehunka senidek milaka kilometro egiten dituzte astebururo, larriki gaixo dauden presoek espetxean jarraitzen dute, eta salbuespenezko legeak mantentzen dira, besteak beste, euskal presoak isolatuz».
Herriek aurrerago iragarriko dituzte ekintza zehatzak, baina dagoeneko agertu dute ideologia desberdinetako pertsonak elkartuko direla hauetan eta plazak, tren geltokiak eta herriko bertze leku erreferenteak izanen dituztela kokaleku.
Bestalde, Sarek bat egin du mila preso eta iheslari inguruk apirilaren 17rako Bilbon deitu duten manifestazioarekin. Oroitu duenez, 2011ko urrian ETAk bere jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik euskal presoen kolektiboak pausoak eman ditu salbuespenezko egoeraren amaieraren bila. 2013ko abenduan dokumentu bat argitaratu zuen Durangon, Foro Sozialaren gomendioak jarraituz, egindako mina aitortu eta espetxe legedia aplikatzeko prest agertuz.
Berriki, martxoaren 13an, bertze urrats bat egin zuten ehunka preso ohik Usurbilen. «Ez zuten legeak barnebiltzen ez duen ezer eskatu. Espainiar Gobernuari eskatzen zaiona salbuespenezko legedia bertan behera uztea da», azpimarratu dute Azkarragak eta Iberok.
Sarek ez du uste «modu positiboan emandako pausoei gaur egun bezala jarraituz erantzuten ahal zaienik» eta etorkizun hobe eta justuago baten alde lanean jarraituko duela berretsi du.
Urkulluren adierazpenei erantzuna
Bide batez, Azkarragak Iñigo Urkulluk dispertsioari buruz aste honetan egin dituen adierazpenei erantzun die. Lehendakariak aipatu zuen «dispertsioak, beste neurri batzuekin batera, denboraren joanarekin» ETAren jarduera armatuaren amaieran lagundu zuela. Baina argitu zuen «ez direla gauza bera dispertsioa eta urruntzea eta azken hau hanka-sartzea izan zela». Puntu honetan oroitu zuen EAJk 1997tik defendatu duela «presoek ez dutela beren jatorritik 400 edo 500 kilometro baino urrunago egon behar».
Nahiz eta Sare ez den instituzio eta alderdi politikoen eztabaidetan sartzen, Urkulluren hitzen «larritasunak» eraman du erantzutera. Kritikatu du adierazpen «okerrak» izan direla sakabanaketaren biktimak «umiliatzen eta mespretxatzen dituztelako». Oroitu du «arinkeria» dela 16 hildako eragin dituen espetxe politika laudatzea.
ETAren amaieran laguntzeari buruz, Azkarragak zehaztu du dispertsioa duela 27 urte jarri zela martxan eta ETAk duela lau urte bukatu zuela jarduera armatua. Erantsi du lehendakariak «zuhurragoa» izan beharko lukeela bere baieztapenetan «oxigenoa» direlako Gobernu espainiarrarentzat.
Azkarragaren iritziz, «400-500 kilometrotako urruntzea onargarria dela esatea umiliagarria da astero-astero dispertsioarekin sufritzen duten pertsonentzat». Horregatik, Urkulluri eskatu dio gogoeta egiteko bere adierazpenek Rajoyrenekin edo Pedrazarenekin (AVT) edo euskal jendarteak pentsatzen duenarekin egiten duten bat argitzeko.
Sareko kideak gaineratu du dispertsioa eta urruntzea hala desberdindu izanak «agerian uzten duela lehendakariak ez duela ezagutzen gertatzen ari dena, dispertsioa espetxerik urrunenetan gauzatzen baita, Andaluziakoetan kasu».