Osakidetzak 1.200 lanpostuko lan eskaintza publiko berria eta behin behinekotasuna 625 lanpostutan murrizteko eskaintza telematikoa onartu ditu 2016. urterako. 900 baino gehiago lanpostu libreak izango dira eta gainontzekoak barne promoziokoak.
Jon Darpon Lakuako Osasun sailburuak eta Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi dutenez, mahai sektorialaren azken bileran sindikatuei helarazitako proposamena berretsi du. Eskaintza hori, Osasun sailburuaren hitzetan, «Lakuak enplegu publikoarekin hartutako konpromisoaren eta gizarte elkarrizketarako duen borondatearen erakusle da».
Lehenik, Osakidetzako administrazio kontseiluak 2016ko lan eskaintza publiko berria onartu du, eta datozen egunetan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Guztira, 1.200 lanpostu eskainiko dira; nagusiki, 2014-2015 aldiko lan eskaintza publikoan sartu ez ziren kategoriak edo lanpostu funtzionalak barne hartuko ditu, tartean, ospitale mediku espezialistak, baina beste kategoria batzuetan ere eskainiko dira lanpostuak, erizaintzan kasu, langile askoko arloa denez.
Bestetik, enplegu egonkor eta kalitatezkoa sustatzeko asmoz Osakidetzako administrazio kontseiluak hartutako beste erabaki baten berri eman du Darponek. 625 lanpostu huts betetzeko eskaintza onartu dute, erizainaren, klinika laguntzailearen, administrari laguntzailearen, zeladorearen eta zerbitzu beharginaren kategoriatan. Honek guztiak, bitarteko langileen kopurua handitzea ekarriko du, Osakidetzan behin behinekotasuna murriztuz. Hau maiatzean gauzatuko da.