NAIZ
DONOSTIA

Eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa jarriko dute martxan 52 ikastoletan

Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak akordioa sinatu dute datorren ikasturtetik aurrera 52 ikastoletan eskola jazarpen edo bullyingari aurre egiteko KIVA programa martxan jartzeko. Programa Lehen Hezkntzari begira dago garatua eta Finlandian jada bigarren hezkuntzarako programa ari dira garatzen.

KIVA programa martxan jartzeko akordioa sinatu dute. (Ikastolen Elkartea)
KIVA programa martxan jartzeko akordioa sinatu dute. (Ikastolen Elkartea)

Ikastolen Elkarteko 52 ikastolek eskola jazarpenaren aurkako KIVA programa jarriko dute martxan datorren ikasturtetik aurrera. Gaur sinatu dute Donostian akordioa Ikastolen ELkarteko Koldo Tellitu eta Finlandiako Unibertsitateko lehendakariorde Pasi Kaskinek.

Eskola jazarpenari aurre egiteko programa aurkezteko aprobetxatu dute, ikastoletako ordezkari desberdinen aurrean: «Gizarte bezala aurre egin behar bazaio, are gehiago eskola komunitate bezala. Ikastolok argi dugu hori, eta horretan sakondu nahi dugu KIVAren bitartez, bereziki indarra jarriz prebentzioan».

Programa martxan jartzeko «prestakuntza lan handi bat» behar dela azpimarratu dute biek. Horretarako hainbat saio egin dituzte dagoeneko eta hurrengo asteetan ere hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joanen da. «Itxaropen handia dugu programa honek hemen ere hura implementatu duen leku guztietan izan duen eraginkortasuna izateko», gehitu du Tellituk.

Bullyinga «fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa» ere badela gogorarazi dute. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. «Erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du», azpimarratu dute.

«Biktimari babesa eta laguntza dituela jakinarazi behar zaio. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina», gehitzen du KIVA programak. Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da. Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu.

2017 urtarriletik aurrera hasiko dira ikasgeletan programa hau lantzen eta oraindik programan sartu ez diren ikastolek ateak irekita dituztela gogorarazi dute.