NAIZ
donostia

Beitialarrangoitia, Matute eta Otero proposatu ditu EH Bilduk Kongresurako zerrendaburu

Marian Beitialarrangoitia, Oskar Matute eta Mikel Otero proposatu ditu EH Bilduk Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Kongresurako zerrendaburu gisa. Senaturako, berriz, Alberto Unamunzaga, Begoña Landa eta Eba Lopez de Arroyabe hautatu ditu koalizioak. Oinarriek berretsi beharko dituzte proposamenak, herrietako batzarretan.

Marian Beitialarrangoitia da errepikatuko duen zerrendaburu bakarra. (J. DANAE / ARGAZKI PRESS)
Marian Beitialarrangoitia da errepikatuko duen zerrendaburu bakarra. (J. DANAE / ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 26ko hauteskundeetarako zerrenden proposamenak igorri ditu EH Bilduk herrietara, tokian tokiko batzarreetan oinarriek onar ditzaten. Aldaketak dira nagusi.

Kongresuari dagokionez, Gipuzkoan soilik errepikatuko da zerrendaburua –Marian Beitialarrangoitia–; Bizkaian Oskar Matute proposatu dute Onintza Enbeitaren ordez, eta Araban Mikel Otero frackingaren aurkako ekintzailea izango da zerrendaburu Iker Urbinaren ordez.

Gipuzkoan, Beitialarrangoitiarekin batera Iñaki Ostolaza ingeniariak, Aitzol Cajaraville Zumarragako Arcelor Mittaleko langileak, Eraitz Saez de Egilaz ikasleak, Maria Serrano gizarte langileak, Gorka Errasti immigrazio teknikariak, Jone Etxeberria filosofian lizentziadunak, Izasku Sorondo sindikalista ohiak eta Jokin Aranalde preso ohiak osatzen dute zerrenda.

Bizkaian, Matutez gain, Itziar Abellanal irakaslea, Jon Iñarritu diputatu ohia, Iratxe Arriola Zuzenbide ekonomikoan lizentziaduna, Mikel Argiñarena jubilatua, Maria Apellaniz Gizarteratze Goi Mailako teknikaria, ADrian Fuentes ALE-Europako Aliantza Libreko gazteriaren presidenteordea, Onintza Enbeita kazetari eta bertsolaria, Pedro Macho Ingeles Filologian lizentziaduna, Irantzu Varela kazetaria eta militante feminista eta Juan Karlos Goienetxea Bermeoko alkate ohia proposatu ditu koalizioak.

Araban, Mikel Oteroren ondoren Aitziber Salazar Administrazio eta Politika Zientzietan lizentziaduna, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohia, Esti Besa ardogile eta enologoa, Iñaki Martin sindikalista, Veronica Domingo Zuzenbidean lizentziaduna eta Iker Urbina abokatua ageri dira.

Senatua

Senatuari dagokionez, Gipuzkoan Alberto Unamunzaga, Bizkaian Begoña Landa eta Araban Eba Lopez de Arroyabe dira hautagaitzan lehenak. Hemen ere hirurak dira berriak; abenduaren 20ko hauteskundeetarako Urko Aiartza, Irantzu Varela eta Lorena Lopez de Lacalle ziren zerrendaburuak.

Unamunzagarekin batera Maite Sarasua eta Joanes Roso aurkeztu ditu EH Bilduk Gipuzkoan.

Bizkaian, Begoña Landaz gain Arkaitz Fullaondo eta Angelita Burgoa proposatu ditu.

Araban, Iker Garcia eta Izar Mendiguren doaz 2. eta 3. postuetan, hurrenez hurren.

Nafarroako hautagai nagusia ostiralean aurkeztuko du koalizioak, bihar batzarra egin ostean.

Proposamenak EH Bilduren oinarriek berretsi beharko dituzte.