Interneten 25 urte hauetan euskarak egin duen ibilbideari errepaso eginez abiatu da Katakrakeko ospakizuna. Horretarako, ‘Gailurra beti dago gorago’ ikus-entzunezko animazioa aurkeztu da. Bideoan Interneten aritzen diren pertsonen ekarpenak bildu dira. Orain arte bidea egin bada ere, gorago jotzea posible dela gaineratzen da, gailurra beti gorago delako.
Ana Ollok Internet «tresna iraultzailetzat» jo du, informazio iturri oparoa delako. «Ezin dezakegu Internetik gabe gure bizitza ulertu. Euskararik gabe ezta», esan du. Honekin batera, euskarak Interneten presentzia indartzearen garrantzia nabarmendu du eta Nafarroako Gobernuak horretarako konpromisoa hartu duela azpimarratu.
Ekitaldiaren azken zatian Sarean.eus ekimen berria aurkeztu du PunturEUS Fundazioak. Teknologia eta informazio teknologiari buruzko agerkari digital berria da. Hedabide honen misioa, informatu, entretenitu eta kultura teknologikoa euskaraz zabaltzea da. Laboral Kutxa da agerkari digital honen babesle nagusia.
Horretarako, kolaboratzaile aditu ezagun eta esanguratsuen sarea eratu da: Alex Gibelalde, Dabid Martinez, Edurne Larraza, Eneko Agirre, Iñaki Alegria, Iñaki Lakarra, Iratxe Esnaola, Iruri Knörr, Josu Waliño, Josune Gereka, Joxe Rojas, Lorea Arakistain, Manex Garaio, Rafa Bañales, Unai Bilbao, Xabier Arrieta, Xabier Martin, Xabier Unanue eta Ana Vitorica.