NAIZ
IRUÑEA

Sindikatuek Kontseiluaren manifestazioarekin bat egin dute

ELA, LAB, Steilas, EHNE, ESK, CGT eta Hiru sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Iruñean Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin ekainaren 4rako euskalgintzak deitu duen mobilizazioari sostengua adierazteko. Administrazio publikoan gehiengoa osatzen dute sindikatuok.

Sindikatuetako ordezkariak Kontseiluko idazkari nagusiarekin.   KONTSEILUA
Sindikatuetako ordezkariak Kontseiluko idazkari nagusiarekin. KONTSEILUA

«Iaztik hona, Nafarroako gizarteak bultzatuta lortu da Gobernu aldaketa eta hainbat egoera arintzea. Ez gaude, ordea, nahi genuen egoeran. Euskaraz lan egin nahi dugu eta uste dugu hori bermatzen aldera, berandu baino lehen beharrezkoa dela neurri ausartak hartzea. Oraindik ere, alor sozio-ekonomikoan ez da plangintzarik abiatu euskara normalizatzeko, ez alor publikoan ez pribatuan, eta honek bi kolpetako ondorio lazgarria du. Alde batetik, zerbitzua jasotzen duen herritarrak maiz ezin du zerbitzua euskaraz jaso. Bestetik, egoera zailak eta desateseginak sortzen ditu honek eta euskaldunaren kaltetan izaten da beti», azaldu dute.

Egoera honek langilleengan eragina duela nabarmendu dute ere. «Batzutan euskara ikasi nahi eta lan jardunak errazten ez diolako. Bestetan euskara jakin bai, baina lan jardunak berak eragozten diolako: gainerako langile erdaldunak, betebeharrak gaztelaniaz...».

«Manifestazioan, euskaraz bizi nahi duten herritarrekin batera, guk ere euskarari bide ematen diogula ere erakutsi nahi dugu. Lan mundua euskaldundu dadin gure ekarpena egiten jarraituko dugu», nabarmendu dute. Manifestazioa ekainaren 4an izanen da, 17.30ean Golemetatik.