NAIZ
GASTEIZ

18 errefuxiatu iritsiko dira hurrengo egunetan EAEra

Bederatzi errefuxiatu siriar eta beste bederatzi eritrear iritsiko dira EAEra datorren astean, Angel Toña kontseilariak jakinarazi duenez. Horietatik 15ek Gipuzkoa izango dute helmuga eta beste hirurek Araba.

Angel Toña, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Angel Toña, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gizarte Politikako kontseilaria den Angel Toñak jakinarazi duenez, 18 errefuxiatu siriar iritsiko dira EAEra datozen egunetan. Bederatzi eritrear iritsiko dira bihar eta bederatzi siriar astelehenean. Oraingoz, Hego Euskal Herrira, 149 errefuxiatu baino ez dira iritsi, nahiz eta 2.000 hartzeko nahia erakutsi.

Eritrearrak eta siriarretako sei Gipuzkoara etorriko dira, eta beste hirurak, aldiz, Arabara.

Toñak gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez, Greziatik iritsiko dira errefuxiatu siriar hauek eta «Madrildik jakinarazi dute adostutako kuoten parte» direla. Prentsaurrekoa ematerakoan soilik zortzi siriarren inguruko informazioa zuen, baina geroago jakinarazi diote haietako batek haurra izan berri duela eta bederatzi izango zirela eta bederatzi eritrear ere bihar bertan zirela iristekoak.

Kontseilariak bere »nahia» adierazi du orain errefuxiatuak «benetan» EAEra iristeko. Nabarmendu egin nahi izan du ekainean zehar 83 iritsiko direla espainair Estatura, eta horien %10 inguru hartuko duela EAEk. «Uztailaren amaierarako zenbaki hori 150era igotzea espero da eta guk %10 inguru hartuko dugu», azpimarratu du.

Angel Toñak nabarmendu egin du «ez direla soilik azaroan iritsitako hiru errefuxiatuak artatu», baizik eta gaur egun, EAEn, «200 bat errefuxiatu» daudela.