NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren aurka igandean Donostiako Gipuzkoako plazan elkartzeko deia egin dute

Igandean Donostiako Gipuzkoa plazan, Diputazioaren aurrean, elkartzeko deialdia zabaldu dute sare sozialen bitartez @GipuzkoaZutik kontuaren bidez. Honela, erraustegia gelditzea dute jomuga eta ‘Ez goaz etxera’ lemapean elkartu eta aurre egin, plaza erraustegiaren aurkako plaza bihurtu eta lo zakua eramateko deia egin dute.

Maiatzaren 29an, igandean, Donostiako Gipuzkoa plaza erraustegiaren aurkako plaza bihurtuko dute. Bertan, Diputazioaren aurrean, ‘Ez goaz etxera’ lemapean, plaza «pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzek» hartu behar dutela azpimarratu dute ohar baten bidez.

«Aldi berean eta batera jardunda politika hau aldatzeko palanka izan behar dugu. Eskaini diezaiogun gure denbora eta bizipoza inflexioa sortzeari. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza», gehitu dute.

Honela, «ordezkari eta hierarkiarik gabeko mugimendua» izango dela nabarmendu dute. «Mugimendua izango gara, denean ados jarri behar izan gabe, baina sinkronizatzean olatuak sortzeko gai dena». Deialdia sare sozialen bitartez egin dute, @GipuzkoaZutik kontuaren bitartez.

«Erraustegia egiten uzten badiegu, onartzen ari gara baietz, herritarron bizitzak baino gehiago balio duela betiko lauen diruak. Onartzen ari gara etorkizuneko belaunaldiak zorpetuta jaioko direla! Erraustegia onartzen badugu, arnasa garbi hartzea ere debekatuko badigute, zer geratzen zaigu? Asko dugu jokoan», adierazi dute.


Mundu mailako beste mugimendu batzuen garrantzia nabarmendu dute, Nuit Debout, M15, Saharako Gdem Izik, Istanbuleko Gezi eta Occupy tarteko, eta igandean lo zakuarekin gerturatzeko deia egin dute.