Maider IANTZI
DONOSTIA
Entrevista
CARMEN AGOUES MENDIZABAL
EHU-REN UDAKO IKASTAROEN ZUZENDARIA

«Unibertsitatearen ateak gizarteari ireki nahi dizkiogu, eta feedback-a sortu»

Zuzenbide Fakultateko irakasleak goxo eta grinaz aurkeztu digu EHUren Udako Ikastaroen 35. edizio honek dakarren eskaintza zabal eta anitza. Jendarteak hala eskatuta, errefuxiatuen eskubideen eta emakumearen paperaren inguruko hainbat ikastaro emanen dituzte.

Hasiera indartsua izan dute EHUren Udako Ikastaroek. Langileak gelditu gabe dabiltza Donostiako Miramarren. Joan den urtean 130 jarduera izan bazituzten, aurten 180 baino gehiago dituzte aurreikusita. «Ikaragarria», dio Carmen Agouesek irribarrez eta pasioz beteta. «Polita da ezagutza arlo guztiak ukitzen ditugulako: kultura, zientzia, gizarte zientziak, osasuna…». Baina kantitatea baino gehiago zaintzen dute kalitatea.

Iazko otsailean hasi zinen Udako Ikastaroak zuzentzen. Zertan saiatu zara bereziki?

Euskara indartzen ahalegintzen ari gara, gure gizartea euskalduna dela ikusten dugulako, nahi baino gutxiago bada ere. Zarauztarra naiz eta nire inguruan denek euskaraz egiten dute. EHUn ere euskaraz ematen ditut klaseak; hizkuntza normalizatua ikusten dut Zuzenbidean eta arlo zientifiko denetan. Hemen ere euskarak beste presentzia bat izan behar duela iruditzen zait. Eta oraindik gutxi dauka. Aurten 18 jarduera dauzkagu ingelesez, eta euskaraz 23-24 besterik ez. Ahalegina egiten dugu etortzen diren ikastaro eskaintza guztiei baiezkoa emateko. Baina gero jendeari kosta egiten zaio apuntatzea. Diskriminazio positiboa egin dugu: beste ikastaroei 40 ikasle eskatzen badizkiegu, euskarazkoak 20-25ekin ateratzen ditugu, erakutsi nahi dugulako zientzia ere oso ondo egiten dela euskaraz.

Iñaki Perurena eta Bernardo Atxaga etortzeak bultzada emanen du.

Hori da. Asteasura eta Leitzara eramango dugu jendea. Jendea erakartzeko modu bat da. Baina arlo zientifikoak ere jorratu behar ditugu euskaraz.

Euskarazko zein ikastaro nabarmenduko zenituzke?

‘Nola bizi dolua eta galerak ikastetxeetan’. Hiruzpalau ikastaro ditugu doluaren inguruan, eta hori gizarteak eskatzen duelako da. ‘Irakurketa estrategiak arreta osoarekin uztartuta’ ere badugu, izugarrizko arrakasta izan duena. Kultura arloan, Bilbon eginen da dantza tradizionala garaikide egiteko ikastaro bat, hau ere arrakasta handikoa. Gizarte gaietan, XXI. mendeko abertzaletasuna daukagu, oso ikastaro indartsua, matrikulazio aldetik oso ondo doana.

Errefuxiatuak hagitz presente izanen dira.

Ikastaro bat daukagu euskaraz eta sei bat denetara, ikuspegi ezberdinetakoak. Giza eskubideak errespetatzen diren aztertuko dugu, Siriako gatazka, nola eragin duen Europan, honek ze politika egin dituen, ze aukera dauden, zer-nolako neurriak har daitezkeen… Asiloaz hausnartuko dugu. Orain arte asilo politikoa izan da, baina arrazoi politikoetatik harago badaude beste batzuk, ingurumena, arrazakeria, sexu bereizketa.

Fisika eta Kimikako kongresu aunitz ingelesez dira, nazioarteko izaera hartzen dutelako. Zeintzuk aipatuko zenituzke?

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatuak, polimeroei eta nanoteknologiari buruzkoak, adibidez. Bestalde, doktoregai asko ekarri ditugu Frantziako unibertsitateetatik. Doktoretza egiten ari diren euskaldunekin batu dira eta hemen egon dira hiru egunetan euren ikerketez hitz egiten. Oso ondo joan da.

Ikastaroa egin duzue Paueko Unibertsitatearekin, Baionan.

Jende asko apuntatu da. Lehen aldia da gure ikastaroetatik halako jarduera bat eskaintzen duguna. Mugaz gaindiko arazo juridikoei erantzun bat emateko da. Ikusi dugu jendeak benetako interesa daukala: zer gertatzen da isun bat jartzen badizute Baionan, nola exekutatu daiteke hemen? Exekutatzen da edo ez? Han bizi direnek nola ordaindu behar dituzte zergak? Halako gai puntualak jorratzen dira.

Hortik bide bat zabal daitekeela uste duzu?

Bai. EHUk harreman ona du Paueko Unibertsitatearekin eta honek Baionan duen ordezkaritzarekin. Bordeleko Unibertsitatearekin ere bai. Gero eta gehiago. Asteartean izan genuen hemen jarduera ireki bat, Donostiako Zuzenbide Fakultatean klinika juridikoa sortzeko, justizia sozialarekin bat eginez. Bordeleko eredua ekarri genuen. Beste inora joaterik ez dutenei laguntza jasotzeko aukera eskaini nahi diegu fakultatetik, txosten juridikoak eginez, apur bat bideratuz… Hori da helburua, aurten jarriko da praktikan eta hemen aurkeztu zen.

Eskulturak ageri dira Miramarreko pasilloetan.

Gorritiren erakusketakoak dira. Oraintxe ari gara muntatzen. Bai kanpoan eta bai barruan egongo dira artelanak, uda osoan. Garrantzitsua da aipatzea ikastaroen barruan kokatu dugula erakusketa. Gorritik oso ondo uztartzen ditu bere lanean gauza asko, tartean unibertsitatea eta artea. Hain zuzen berak horixe esaten zidan: «Nire aitak ikusiko balu ni unibertsitate eremu batean nagoela, nire lana hemen sartu dela eta errekonozimendu bat izan duela, emozionatu egingo litzateke!».

Udako Ikastaroak ez dira ikastaroak soilik.

Gero eta gehiago ikusten dira ekintza ezberdinak. Donostia Cup-ek Indiako zenbait eremutan kirola nola bizi den eta emakumeak zer paper daukan han azalduko du. Ez dizut aipatu, baina bospasei ikastaro dauzkagu emakumearen ingurukoak. Adibidez, erromatar garaian zer-nolako papera izan zuen aztertzeko, baita Vasconian ere. Emakundek ‘Emakumea eta botere harremanak’ ikastaroa antolatu du. Emakumeak zineman eta artean egin dituen ekarpenak ere jorratuko dira. Gero konturatzen zara, programazio guztia aztertzen duzunean. Ez dugu bilatu; errefuxiatuekin gertatu den bezala, gizarteak eskatu digu.

Aktualitatearen marka.

Noski. Gure asmoa ez da bakarrik unibertsitateko azken garapen zientifikoak ezagutaraztea; gizarteari ireki nahi dizkiogu unibertsitateko ateak. Uste dut hori dela garrantzitsuena. Ateak ireki eta hemen zer egiten dugun erakustea, baita feedback-a sortzea ere, gizarteak esatea «guk hau pentsatzen dugu eta gai hauek nahi ditugu». Bestalde, gero eta gehiago ikusten ari gara lanbide jakin batzuetako langileek (medikuntzakoak, ekonomialariak...) elkartu, eta beren arloetan zer egin dezaketen eta zer berrikuntza sor ditzaketen ikusi nahi dutela, balantze bat egin… Hiru eremu dira: azken ezagutza zientifikoak gizarteratzea; gizarteko gaiak hona ekartzea eta jendeari irekitzea; eta lanbideen eremu hori jorratzea. Gero eta eremu gehiago dauzkagu. Gaur bertan egon naiz historia begiratzen; 1982an hasi ziren ikastaroak, hiru fakultatek antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Joxe Migel Barandiaranek eman zuen hasiera hitzaldia. 600 ikaslerekin hasi ziren eta iaz 10.000 lagun izan genituen!

Orain Donostiatik bertze hiriburu eta herrietara zabaltzen ari zarete.

Konturatu gara udaran ikastearena unibertsitatearen eremu guztira hedatu behar dela. Hogei jarduera baino gehiago ditugu Bizkaian, oso arrakastatsuak. Eta Araban hamalau bat jarduera daude aurreikusita. Elikadurarekin eta nutrizioarekin zerikusia daukaten gaiak indartu nahi ditugu, hor bertan dauzkatelako fakultate horiek. Guardia, Moreda, Agurain eta Gasteizen ditugu ikastaroak. Gipuzkoan, berriz, Irunen eta Zumaian. Baionan ere bai. Garrantzitsua izango litzateke herriz herri joan eta bakoitzak zer landu nahiko lukeen galdetzea. Paper hori ere badaukagu, unibertsitatea gizarteari hurbiltzea. Ari gara.

Jendartea bezala, ikasteko moduak aldatzen ari dira. Nola ari zarete egokitzen?

Estilo liburu bat egin nahi dugu etortzen diren irakasleei gomendioak emanez pedagogia sistema aktiboak erabiltzeko. Aldaketa hori egitea ezinbestekoa iruditzen zait. Eta fede ikaragarria daukat, nik bizi izan dut: hogei urtean egon naiz oholtza baten gainean ni bakarrik hitz egiten eta motibazio gutxiagorekin eta orain oholtzatik jaitsi naiz, ikasleen artean ibiltzen naiz, galdetu egiten diet, denak ezagutzen ditut, beren izen-abizenak dakizkit. Hori lortu dut, ikasleak klasera etortzea eurek nahi dutelako eta ez zerrenda pasatzen dudalako. Udako Ikastaroetara nahi dutelako datoz, motibazio hori badute, baina aukera eman behar zaie nahi badute parte hartzeko. Sentitzera ere badator jendea.

On-line ere bazaudete.

Ikastaroak grabatu egiten ditugunez, neguan on-line eskaintzeko aukera dago, eta batzuek, adibidez Hezkuntzakoek, izugarrizko arrakasta daukate. Jendeak nahi dituela ikusten dugu.

Erronkarik gelditu zaizu datorren urterako?

Euskara nire obsesio bat da. Zientzia euskaraz egin daitekeela konbentzitzea, jendea erakartzea eta ikastaro gehiago egotea. Beste erronka batzuk Baionan beste jardueraren batzuk jorratzea; EAEko herri ezberdinetara iristea eta orain arte jaso ditugun ebaluazioak mantentzea dira. Jendea ondo tratatu nahi dugu, bere etxean bezala. Eta erronka nagusia unibertsitatearen ateak gizarteari irekitzea da.