Maryland estatuan Purple Line linearako LRV motako bost moduludun 26 tranbia arin eraikitzeko kontratua lortu du CAFek, USA INc filialaren bidez.
Beasaingo konpainak jakinarazi duenez, kontratuak ordezko piezen, lanabes berezien eta entsegu ekipoen hornidura hartzen du barne eta bere balioa 200 milioi dolarretik gorakoa da.
Gainera, kontratuak trenbide sistema arinaren operazioa eta mantentzea 30 urtez kudeatuko duen elkartearen %20ko partaidetza hartzen du bere baitan. Kontzesioaren hasiera 2022ko udaberrirako aurreikusi da.
CAFek ohar batean azaldu duenez, lankidetza publiko-pribatuko proiektuak Purple linearen diseinua, eraikuntza, ustiapena eta mantentzea hartzen du barne guztira 5.600 miloi dolarreko balioarekin, 2.000 miloi dolarreko eraikuntza proiektua barne. AEBen historian izan den lankidetza publiko-pribatuko garraio publikoko egitasmorik handienetakoa da.
Purple Line metro arineko linea Montgomery Konderriko Bethesda hiritik Prince George Konderriko New Carrollton hirira arte hedatzen da. Konexio zuzena ahalbidetzen du Washingtongo metroko linea gorri, berde eta laranjarekin, eta Marc eta Amtrak aldirietako lineekin, hala nola autobus zerbitzu lokalekin ere bai. Guztira, 21 geltokiren eraikuntza aurreikusi da 16,2 miliako ibilbidean, «trenbide operazio seguru eta fidagarria ziurtatuz Maryland estatuan».
CAFek lantegi bat dauka AEBetan, Elmira hirian (New York), eta azken urteetan hainbat proiektu burutu ditu herrialde horretan.
Kontratu berri honekin, CAFek AEBetan garatu dituen proiektuen balioa 1.800 milioi euro ingurukoa da.