NAIZ

Tortura jasan duten biktima guztiei zor zaien «egia, aitortza eta erreparazioa» defendatu du Sortuk

Lakuak torturaren inguruan aurkeztutako txostenaren harira, Madrilek zein Gasteizek erabili duten errelatoa «hankaz gora» utzi duela nabarmendu du Sortuk. «Argi utzi du tortura ez dela tresna isolatua izan», gehitu dute. Honela, gogoz kontrako aitorpenetan oinarritutako espetxe zigorrak jaso dituzten epaiak berrikustea eskatu dute.

«Ikerketa honetan egindako 4.000 testigantzek agerian utzi dute errelato honen faltsukeria eta argitara eman dute tortura ez dela kasu isolatua izan, baizik eta ideiak eta proiektu politiko zilegiak kolpatzeko erabilitako tresna», adierazi du Sortuk ohar baten bidez, Lakuak atzo aurkeztutako txostenaren harira. Era berean, gogora ekarri dute bertan bildu diren 4009 kasuak soilik EAEn 1960 eta 2013 artean ikertutakoak direla, eta, beraz, Nafarroakoak batu beharko liratekeela.

Lan hone balioa azpimarratu du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak, eta torturaren inguruan zabaldu den errelatoa «hankaz gora» utzi duela nabarmendu. «Bai PPk zein PSOEk, eta baita EAJk berak ere saldu nahi izan digute hemen ezdela gatazkarik egon, dena ETAren bortxakeriaren erabilpenera mugatzen dela».

Zentzu honetan, salatu egin du hau «ezin zitekeela posible» hainbat gobernuk «argi berdea eman eta alderdi zein medio gehienek alde batera begiratu izan ez balute».

Era berean, gogora ekarri dute euskal herritar ugari izan direla atxilotu eta espetxeratuak torturapean lortutako aitorpenei esker. «Torturapean egindako adierazpenetan oinarritutako espetxe zigorrak berrikusi egin behar dira», aldarrikatu du. Eta Lakuako Gobernuari hau bultzatzeko eskatu dio.

Modu honetan, «biktima guztiei zor zaien egia, aitortza eta erreparazioa» defendatu du Barrenak.