Independentismoaren dilema: non sortu gatazka baikorra
Nikolas, Apaolaza eta Aranguren, abertzaletasunaz hiru ikuspuntu. «Zergatik bukatu kartzelan?», galdetu zuen lehenak. «Gauzak ondo, hala amaituko dugu», bigarrenak. «Kalean ere kartzelan gaudelako», azkenak.
XXI. mendeko abertzaletasuna zuten gaia EHUren Uda Ikastaroan, baina deigarria izan zen Unai Apaolaza filosofoa, Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko kide eta legelaria eta Gaizka Aranguren Labrit multimediako zuzendaria gehiago aritu zirela bertze kontzeptu batzuen inguruan. Moderatzaile lanak egin zituen Enekoitz Esnaola “Berria”-ko kazetariak hitza eman orduko abisatu zuen lehenak: «Abertzaletasuna berritzeari baino, independentismo eraginkor bati begiratzea nahiago dut, emankorragoa iruditzen zaidalako. Abertzaletasuna euskaldunok gure estatua izateko estrategia gisa ulertzen dut. Krisian dago, ez delako gai horretarako».
Bigarren hizlariak ere hasieratik markatu zuen diskurtsoaren ildoa: «Euskal demokrazia bat eraikitzea da gure erronka nagusia. Nola kokatu nahi dugun munduan. Horri begira asmatu behar dugu kontzeptuetan».
Eta hirugarrenak honako baldintza jarri zuen: «Abertzaletasunarekin bat nator baldin eta baldin bada euskaldunei bizirauteko aukera ematen dien aterkia eratzeko gaitasuna daukan ildo politikoa».
Berehala heldu zioten erabakitze eskubideari. Gure Esku Dagoko kideak agertu zuen herritarron gain badago estatu baten zilegitasuna, aukera dugula bide bat egiteko behetik gora. «Hori da Quebecen, Eskozian eta Katalunian praktikan ipintzen ari direna. Hemen erabakiak guk hartzen ditugu. Guk abia ditzakegu burujabetza prozesuak. Noraino? Herri honek lortu nahi duen erabakitze mailaraino. Eta estatuek mugak dituzte hor. Dialektikoki oreka bat sortzen da berria dena».
Azken hauteskundeetako datuei erreparatuz, erabakitzeko eskubidea Hego Euskal Herrian zoru komun bat dela nabarmendu zuen. «Badago borondate bat erabakiak bertan hartzeko eta horri garrantzi berezia eman behar diogu. Nola abiatu behar dugun erabakitzeko prozesua, hori da gakoa».
Donostiar filosofoak indar posizio bat hartzeko erreminta moduan ikusten du GED. Garrantzitsua deritzo, baina ez nahikoa: «Konfrontazio agenda propioa» sortu behar da.
Eraginkortasunaren alde
Ildo horretatik, «gaur egungo ziurgabetasuna etorkizunekoa baino handiagoa denean nagusitzen da independentismoa» esaldi borobila bota zuen kazetari iruindarrak. Diskurtsoan ez ditugula eraginkorrak ez diren ildoak mantendu behar azaldu zuen, eta adibide gisa jarri zuen gure herria paraje berde bateko baserriarekin identifikatzea, «hori lurraldearen %40 bertzerik ez» dela ahantziz.
Gatazkaz mintzatuz, Apaolaza honen alde agertu zen, «statu quoa aldatzeko beharrezkoa» delako. «Baina interesatzen zaigun lekuetan sortu behar da. Independentismoaren dilema da non sortu etekina emango digun gatazka. Aldebakartasuna Madrileko Gobernuari begira soilik ulertu dugu, baina hori baino gehiago da. Gatazka esan nahi du, norberak erabakitzea non, noiz eta nola sortu. Indar posizioa hartzeko izugarrizko erreminta da aldebakartasuna».
Gainera, Arangurenek erran bezala, jazarpen egoera batean gatazka adierazten ez baduzu badirudi jazarpenik ez dagoela. «Katalunian ere gatazka sortu dute beste bide batzuetatik. Oso arraroa iruditzen zait ETAren jarduna bertan behera gelditu zenetik Euskal Herrian ekimen zibil ez bortitz indartsu bat egon ez izana. Gaitasuna eta gogoa badaude. Ez dakit zergatik ez den piztu. Pena da».
Desobedientzia GEDrekin osagarria den galdetu zion legelariari, eta honek hala erantzun zion: «Gure konfrontazioak beti bukatzen du kartzelan. Zergatik bukatu behar dugu han? Kontsulta konfrontaziorako tresna da, eta ez du inork espetxean amaituko. Ez dugu sinesten ze eskubide ditugun herri gisa; agerian utzi behar dugu eurak direla demokratiko ez direnak».
«Gauzak ondo, kartzelan bukatuko dugu», sartu zen filosofoa. «Azkenean ez garelako aske kalean egonda ere», borobildu zuen Labriteko zuzendariak.