«Matematika askotan pentsatzen ez duzun lekuetan ere badago”
Bigarrenez antolatu dira Matematikari euskaldunen topaketak UEUren Udako Ikastaroen barruan; elkarren berri izan, esperientziak partekatu eta euren artean sarea antolatzen jarraitzeko helburuarekin. Matematikari euskaldunak asko direla jakitun eta oso arlo desberdinetan ari direla lanean. Naiara Arrizabalaga ibili da antolaketa lanetan Elisabete Alberdirekin batera.
Matematikari euskaldunen topaketa beharrizan batetik sortutakoa dela esan genezake? Elkarren berri izateko?
Batez ere horretarako izan da. Normalean zure lana erakusteko kongresu espezializatuetara zoaz. Askotan ez dakizu alboko bulegoan dagoenak zertan lan egiten duen. Gaia apur bat desberdina bada, ez zoaz bere kongresuetara, ez duzu entzuten. Topaketa sortu zen inguruan ditugun matematikariak zertan lan egiten duten jakiteko asmoarekin. Asmo printzipala hori da. Baita ere ez dagoelako euskaraz era honetako topaketarik ez kongresurik. Aukera polita da noizean behin kontatu ahal izatea euskaraz zuk egiten duzuna.
Kanpotik ikusita badirudi matematika gauza bakarra dela, baina elkar ulertzea ez da dirudien bezain erreza.
Bai bai. Zailtasunak ditugu. Nahiz eta askotan pentsatu gaia hurbilekoa dela kostatu egiten da. Eta arlo desberdinetan sartzen bazara… Multzo handi bi daude. Matematika teorikoak eta aplikatuak. Gauza oso desberdinak egiten dira. Eta multzo berean ere oso arlo desberdinak daude. Aljebra, geometria, analisia… Batak bestea ulertzeko ere… Oso espezializatua bada kongresua, lehenik eta behin ez zoaz, eta ziurrenik ez duzu ulertuko. Beraz, gure helburua zerbait orokorra egitea izan da. Jakinda publikoa bai matematikaria dela, euskalduna, baina ez dela zertan arlo horretakoa izan.
Komunikazio asko izango dira gaur eta oso gai desberdinak landuko dira.
Bai matematika teorikoko hitzaldi batzuk izango dira, batez ere analisiak izango dira aurten. Nahiz eta lehenengo edizioan aljebrakoak-eta ere egon ziren. Eta gero aplikatukoak, bai optimizazioaren ingurukoak, estatistikaren inguruko asko, ospitaletan-eta lanean dagoen jendea dator, zenbakizko matematikak izango dira…
Matematika azken batean ia edozertarako erabili daiteke.
Gaur egun uste dut benetan oinarrizko gauza bat dela. Orandik kostatu egiten da jendea konbentzitzea benetan beharrezkoa dela baina edozein berrikuntzarako, aurrerakuntzarako matematikak egon behar du. Hala ere, nik uste dut gero eta gehiago hasi dela jendea ikusten beharrezkoa dela. Gero eta enpresa gehiagok eskatzen dituzte matematikariak, baita ospitaletan ere. Jendea hasi da ikusten matematika erabilgarria dela medikuntzan ere. Apurka apurka hasi da, baina oraindik badago lana egiteko.
Papiroflexia tailerrik ere ez duzue faltako gaur.
Ikusiko dugu gaur tailerrean zein den matematika eta papiroflexiaren arteko erlazioa. Oso gai desberdinetan aurkitu ditzakezu harremanak. Oraingo honetan papiroflexiarekin. Jolastu egingo dugu eta nik uste ikasiko dugula matematika askotan pentsatzen ez duzun lekuetan ere badagoela eta gainera ondo pasatuko dugula jolasten.
Gaurko topaketatik zer atera nahi duzue?
Alde batetik jakin zertan ari garen lanean. Bai gure artean elkar ezagutzeko eta baita jendeari erakusteko ere Euskal Herrian matematikak egiten direla, benetan zerbaitetako balio dutela… Gauza teorikoak ere badaude, euren balioa dutenak, baina ez dutenak mementoko aplikaziorik. Badaude hala ere beste gauza aplikatu asko hitzaldietan ikusiko dugun moduan. Badirela enpresak aplikatzen dituztenak, balio dutenak dirua aurrezteko, edo adibidez Carlos Gorriak hitzaldi nagusian azalduko duen moduan, odol-transfusioetan odola denbora asko ez egoteko zelan aurreikusi daitekeen odol hori hobeto kudeatzeko. Badaude aplikazioak benetan erabilgarriak direnak. Jendeari hori erakutsi nahi diogu eta baita ere, matematikak euskaraz ere egin daitezkeela. Euskaraz bizi gaitezkeela eta euskaraz lan egin dezakegula.
Euskal Herrian zein da matematikarien egoera. Zein mailatan dago?
Euskal Herrian nik uste dut matematikaren maila altua dela. Konparatu daiteke Madril edo Bartzelonan dagoen mailarekin. Badaude talde indartsuak, maila internazionala dutenak, egiten den ikerkuntza orokorrean top mailakoa da. Euskal Herrian nahiko ondo gaude Madril eta Bartzelonarekin konparatuta, adibidez. Zer hobetua ere badagoen arren. Ez gaude atzean. Egia da begiratzen baduzu Frantziara, Frantziak matematiken arloan historia luzea duela. Urte asko daramatzate matematikari garrantzia handia ematen.
Garrantziarena aipatu duzu. Komunikabideetatik, erakundeetatik, babesik badago? Dibulgazioan zein lan egiten da?
Saiatzen ari dira gero eta gehiago. Hobetzen doa egoera. Alde horretatik nahiko baikorra naiz, baina oraindik badago lana egiteko. Ohikoena oraindik ere “Matematika ze txarto!” entzutea da. Alde hori badago, baina badago jendea gustatzen zaiona, ulertzen duena eta gero eta garrantzia gehiago ematen diona. Goazen bada horretan zentratzera.