«Jaietan, dena libre denaren aitzakiapean, eraso sexisten ofentsiba nabaria da: begiradak, irainak, gutxiespenak, bortxaketak, erailketak... Horregatik diogu hau ez dela gure bakea», adierazi du Bilgune Feministak ohar baten bidez.
Etzi hasiko diren sanferminen aurrean, jaietan izaten diren eraso sexistak salatu dituzte. Hala ere, azken urteetan mugimendu feministaren lanari esker lortu diren emaitzak nabarmendu dituzte: «Lortzen ari da jendartea kontzientziatzea, protokoloak gero eta auzo eta herri gehiagotan lantzea, arazo hau guztion ardura dela sentitzea».
«Emakumeok dagokigun biktima paper pasibotik ateratzen garenean eta geure burua defendatzen dugunean egun oraindik ahobero, zoro, histerikak edo feminaziak garela entzun behar izaten dugu. Erantzuten badugu, zalantzan jartzen zaigu», gehitu dute. Hori dela-eta, autodefentsa feministaren balioa azpimarratu dute. «Erasoen aurrean erantzun bat ematea zilegia delako. Gure gorputzak, autoestima eta bizitzak dira jokoan daudenak».
Ildo beretik, jai ereduaren inguruko lanketa «ikuspegi feminista batetik» egiteko beharra zehaztu dute. «Erabili dezagun jaietako indar sortzailea eredu askatzaileak praktikara eramateko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko».
Gaur gauean mobilizazioa Iruñean
Gaur, 22:00etan ‘Beldurra aldez aldatuko dugu!’ lelopean, indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa burutuko dute, San Frantzisko enparantzatik abiatuta. Beltzez jantzita joatera animatu dute jendartea.