Hainbat familia euskaraz blai Adunan, AEK-ren barnetegian
Aduna kasko baten gainean kokatutako eta txaletez hornitutako herrixkan topatu ditugu 30 bat lagun, 11 guraso eta 17 haur, irakasle eta begiraleekin batera. Martxan da AEKren udako barnetegien lehenbiziko txanda, eta laugarren eguna du talde honek Tolosaldeko herrian. Gurasoek haurrak izan dituzte motibazio esperientzia hau lehen aldiz bizitzeko; etxean giro euskalduna izatea lortu nahi dute, seme-alabei lagundu nahi diete eskolako lanekin, eta hasi dira mingaina askatzen pixkanaka-pixkanaka.
Joan Leibar 10 urteko aretxabaletarra da protagonista Adunako plazan, AEK-ko irakasle, monitore, guraso eta haurrak terrazan bildu direnean. Atsedenaldia eta kafea zertxobait luzatu dute hedabideon bisitaren aitzakian. Joan txikia txiste kontalari abila da eta irriz jarri gaitu guztiok. Aita eta anaiarekin etorri dela azaldu digu; aita katalana da eta berarekin katalanez egiten dute anaia eta biek. Ama eta aitak, aldiz, gaztelaniaz egiten dute beren artean.
Joanen parean jarrita daude Maria Izquierdo bilbotarra, Soraya Ramos arrasatearra eta Janina Vicente usurbildarra. Lehendabiziko biak Gasteizen bizi dira eta elkar ezagutzen zuten lehendik, bien umeak klase berera doazelako. Maria semearekin etorri da eta Soraya seme-alabekin. Janina, berriz, 5 urteko bixkiekin animatu da esperientzia bizitzera. Euskara praktikatzea dute xede denek eta haurrak dituzte motibazio nagusi. Giro euskalduna lortu nahi dute etxean.
Janina herri euskaldunean bizi da, baina orain arte Donostian egin du lan eta bere ingurua erdalduna izan da. Usurbilen belarria tente jarriz ikasi du euskara, mintzalagun taldean ere badabil, baina, dioenez, hiztegia falta zaio, aditzak ongi erabiltzea, eta, batez ere, «beldurra kentzea».
Umeentzat askatasuna
Soraya Arrasaten bizi izan zen 9 urte bete arte eta dakiena hortik dator. Maria euskaltegian dabil duela lau urtetik. «Umeentzat askatasuna delako» aukeratu dute familia barnetegia, baita 12 egunetan denbora osoan euskaraz egiteko aukera ematen dielako ere. Lau egun daramatzate eta kontent daude euskaraz pentsatzen hasi direlako jada... eta whatsAppak euskaraz idazten ere bai!
Sei orduz klaseak izaten dituzte gurasoek, goizez eta arratsaldez, eta bitartean haurrek tailerrak eta jolasak egiten dituzte monitoreekin. Denek elkarrekin ere egiten dituzte ekintzak eta txangoak –bihar, adibidez, ibilbide mitologikoa eginen dute Ataunen–. Kosta egiten da hizkuntza ohiturak aldatzea; gurasoak motibatuta datoz, baina ez haurrak eta beraiekin ere lanketa egiten dute monitoreek.
Adunan euskaraz blai egin ondotik, ez dute hizkuntza lehortzen uzteko asmorik eta aitzinera segituko dute ikasketan, euskaltegian, guraso taldean edo mintzalagunekin, baita etxean ohitura bultzatzen ere.
Barnetegi desberdinetan izena emateko eta informazio gehiagorako sartu AEKren orrialdean.