NAIZ
IRUÑEA

Herri guneen irekiera «arrakastatsua» nabarmendu du Herri Sanferminak plataformak

Herri Sanferminak plataformak bukatu berri diren jaien balorazio «oso positiboa» egin du. Herri guneetara «jendetza» gerturatu dela nabarmendu eta helburuak bete egin direla azpimarratu dute. Bestetik, jaietako «aurpegirik ilunena» izan diren eraso sexistak gaitzetsi  dituzte.

Uztailaren 11n San Jose plazan ospatu zen gazte bazkaria. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Uztailaren 11n San Jose plazan ospatu zen gazte bazkaria. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

2016ko sanferminetako balorazio «oso positiboa» egin du Herri Sanferminak plataformak. Ohar baten bidez adierazi dutenez, herri guneen irekiera «arrakastatsua» izan da eta «jendetza» gerturatu da hauetara.

Honela helburuak bete egin direla azpimarratu dute: «Espazio berrien sorrera balore eraldatzaileak sustatzen dituen aisialdi eredu alternatiboekin, beste jai eredu batengatik lan egin nahi duten protagonista berrien ahalduntzea, eta jai hauen etorkizunaren inguruko eztabaida serio bati aurre egiteko beharrizana islatzea».

Hala ere, jaietako «aurpegirik ilunena» salatu nahi izan dute, «sistema patiarkarrararen ondorio zuzena» diren eraso sexistak salatuz. Dena den, «oso positiboki» baloratu dute herritarren «erantzuna eta ahalduntzea». Baina honek jai eredua aldatzeko beharra argi uzten duela azpimarratu dute.

Modu berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete dinamika hau aurrera ateratzea posible egin duten guztiei eta sanfermin eraldatzaileetan lan egiteko apustua berretsi dute.