Piratentzat funtsezkoa den balore bat ordezkatzen dutenek jaurtitzen dute Aste Nagusi Pirata irekitzeko txupinazoa eta balore horietako bat elkartasuna izaki, errefuxiatuen esku utziko dute aurten ardura hori.
«Europar Batasuneko agintari politikoak modu lotsagarrian jokatzen ari direla uste dugu, eta gudatik eta pobreziatik ihesean ari denari ezin zaiola hesirik jarri. Are gehiago, beren herrialdeak hankaz gora jarri dituztenak Mendebaldeko potentziak direnean», azpimarratu dute, ohar batean, Donostiako Piratek.
Zentzu horretan, Donostian errefuxiatu horiei «kai segurua» eskaini nahi dietela azpimarratuta, nabarmendu dute «bizirautea ez da delitua» eta ozen esan dute «ongi etorri errefuxiatuak».
«Gure herrian ondo ezagutzen dugu babes bila dabilenari aterpe ematea zer den. Horren erakusle da, adibidez, Katherina, Euskal Herrian urte eta erdi daraman ukrainarra. Edo Hassanna, Marokok bizi osorako espetxeratu nahi duen gazte sahararra», esan dute.
Bestalde, jakinarazi dute Ezkila Kapitaina Aingura kofradiaren bidelagun izango dela aurtengoan. «Aingura kofradia ere errespetuan oinarritzen da, ingurugiroari izan beharreko errespetuan hain zuzen ere», adierazi dute Piratek.
«Bertako ekonomia sareen bultzatzaile sutsuak, ingurugiroa zaintzea eta jaia egitea bateragarriak direla erakusten egiten du lan kofradia honek. Pixkanaka-pixkanaka Aste Nagusi Pirata eraldatzeko urratsak ematen laguntzen digu Aingurak», azaldu dute.