Kolonbian Gobernuak eta FARC-ek sinaturiko eta atzo aurkezturiko su-etenerako bide orriaren aurrean bere zoriontasuna adierazi du EH Bilduk. Bide orrian, su-etena abian jartzeko, liskarrekin amaitzeko eta armak uzteko protokoloak aurkeztu zituzten.
Ekainaren 23an sinaturiko akordioaren arabera, Nazio Batuen Erakundeak jasoko ditu gerrilaren arma guztiak, prozesu «tekniko, egingarri eta egiaztagarri» baten bidez. Ondoren, hiru gune ezberdinetan gordeko dira: Nazio Batuen egoitzan, New Yorken; Kuban eta Kolonbian, Gobernuak eta FARC-ek aukeratutako gunean.
«Akordio honengatik Kolonbiako herria zoriondu nahi du berriro EH Bilduk; halaber, Kuba, Norvegia, Venezuela eta Txileko gobernuak ere zoriondu nahi ditugu», adierazi du koalizio independentistak prentsa ohar batean.
EH Bilduren iritziz, akordio honen aurkezpenak lagundu beharko luke ELN-ren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko harremanetan aurrera egiteko.
Dei egin die EH Bilduk «bakearen etsaiei» ere: «Oztopo guztien gainetik, akordioak beti dira posible alde guztietatik borondatea badago».