Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Entrevista
LAS CHICAS DE PASAIK
ZINEMAGILEAK

«Emakumeen izenak kale izendegian txertatzearen aldeko filma da gurea»

Las Chicas de Pasaik izenpean sinatzen dituzte euren lanak Maria Elorzak eta Maider Fernandezek. 2012an elkarlanari ekin ziotenetik hainbat proiektutan hartu dute parte eta, Zinemaldian, «Gure hormek / Our Walls» estreinatzeaz batera, «Kalebegiak» proiektuan ere ikusiko ditugu.

Zabaltegi-Tabakalera sailaren barnean emango da “Gure hormak / Our walls”, Las Chicas de Pasaik kolektiboaren film laburra, emakumeek esparru publikoan duten presentzia ezbaian jartzen duen filma. Eta “Kalebegiak” izenpean Donostiaren ikuspegi ezberdinak erakutsi nahi dituen film kolektiboan ere hartu dute parte, “La chica de la luz. Making of” lanarekin.

Zer dago «Gure hormek» filmaren oinarrian?

Donostia 2016ren “Hormek diote” proiektuaren baitan sortu zen film laburra. Artista ezberdinak hormen ideiaren gainean hausnartzera gonbidatu gintuzten eta guk bideo-mural bat egin genuen; hormen ideiak kale izendegira eraman gintuen, eta kale izen gehienak gizonekin eta biolentziarekin lotutakoak direla ohartuta, Prim kalea esaterako, emakumeen izenak kaleetan txertatzearen gaineko zerbait egitea erabaki genuen. Bide horretan, konturatu ginen gure inguruko emakumeek euren bizitza etxe barnean garatu dutela, espazio publikoa gizonena dela. Horregatik, batetik pelikula omenaldi bat da, gure inguruko emakumeei, amonei, amei, lagunei... eta, bestetik, agerian utzi nahi genuen espazio publiko eta pribatuaren arteko muga hori, eta nola emakumeen lekua eremu pribatuan egon den.

Nola egin zenuten filmaketa?

Kamera txiki bat dugu eta hura hartuta irten ginen kalera, gurpildun aulki batean jarri eta Donostiako kaleak filmatu genituen, haiek nola aldatu pentsatuz. Pelikulako sekuentzia batean Mariaren amaren off ahotsak Donostiako kaleen izenak aldatzen ditu, “Loa galarazi zaien emakumeen auzoa”, esaterako. Sekuentzia hori gure inguruko emakumeen istorioekin lotzen joan ginen: adibidez, pelikula hasten da Mariaren amarekin, paretako zulagailu batekin izan zuen esperientzia kontatuz, eta amaitzen da Maiderren logelan, lagun batzuk amonak oparitutako ispilua zintzilikatzeko zuloa egiten ari direla. Kamera ezberdinekin eta momentu ezberdinetan grabatutako irudiak dira, eta pelikula nahiko dokumentala atera zaigu, baina era berean saiakera kutsukoa.

Laburra Kimuak-en hautatua izan zen.

Bai, eta guretzat hori oso pozgarria izan zen. Kimuaken egoteak kalitatezko zigilua jartzen dio lanari eta, bestetik, urtebetez banatzaile bat izatea ahalbidetzen digu... Hori oso ondo dago guretzat, modu txikian egiten diren lanei ibilbide txikia ematen diegulako, eta kasu honetan azpitituluak jarri eta kanpora begira ere jarriko dugu filma.

«Kalebegiak» film kolektiboa ere Zinemaldian estreinatuko da. Zer kontatuko duzue zuen zatian, «La chica de la luz» laburrean?

Orain bi urteko ideia bat berrartu dugu. Sinergiak izeneko proiektu batean parte hartu genuen, Zinebik eta Lurraldeak eta Mugaldeak antolatutako esperimentu moduko batean. Beste zinemagile batzuekin pelikula bat egin behar genuen eta guk gaua grabatzea erabaki genuen. Donostiako Alde Zaharrean gaugiroa grabatzea erabaki genuen eta, horretan ari ginela, txinatar saltzaile bat ikusi genuen, argidun betaurreko, ezpata eta halakoak saltzen: bere presentzia deigarria iruditu zitzaigun, ia identitaterik gabe parranda giro horretan gauzak saltzen dabilen pertsona bezala irudikatzen baitugu, eta bisualki ere irudi potentea zela pentsatu genuen. Baina ideia bere horretan geratu zen.

“Kalebegiak”-erako deialdia ikusi genuenean, ideia hori berrartzeko aukera ikusi genuen: ideia izan zen Alde Zaharrean zebilen jendeari hari buruz galdetzea, eta aldi berean berak gutaz pentsatzen duenaz hausnartzea. Nolabait, pertsona horren bilaketa, ebokazioa eta hark pentsatzen duenaren gaineko saiakera txiki bat da.

2012-2013an sortu zenuten Las Chicas de Pasaik. Zer ematen dizue elkarrekin aritzeak?

Zure antzera pentsatzen duten pertsonak aurkitzen dituzunean elkarlana oso atsegina da, eta elkarlanak laguntzen dizu zure ideiak finkoagoak izaten, aurrez eztabaida bat egon delako. Eta hori oso aberasgarria da. Gure kasuan, batak toke poetikoagoa du eta besteak agian makarragoa, eta bion artean lortzen dugun plus hori bakarka ez genuke lortuko. Hori da aldeko puntua.