NAIZ
IRUÑEA

Puntuek ihes egin dute Sadarretik eta Osasunak beheko zuloan jarraituko du (1-2)

Nahi eta ezin. Bost jardunaldi eta gero garaipena zer den jakin gabe jarraitzen du Osasunak. Ez da aurkaria baino okerrago aritu talde nafarra, baina puntuak Bartzelonara joan dira, Espanyolek 1-2 irabazi eta gero. (Partidak utzi dituen zenbakiak).

Jaime Romero izan da etxekoen jokalari arriskutsuenetako bat. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Jaime Romero izan da etxekoen jokalari arriskutsuenetako bat. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Etxeko puntuen beharraren jakitun, Osasuna garaipenaren bila atera da hasiera-hasieratik. Kataluniarrak bere zelaian izan ditu, Marioren atetik urrun. Presioa goian mantenduta, Espanyolek ez du arrisku handirik sortu. Osasunak, bere aldetik, Sergio Leon eta Jaime Romero izan ditu bi jokalari aktiboenak, baina aurrelariaren jaurtiketa bat izan ezik, ez dute gol aukera handirik izan.

Aukerak, ordea, falta eta kornerretan iritsi da. Osasunak ongi prestatu ohi ditu jokaldi hauek, eta David Garciak erakutsi du nafarrek erasoan duten arma nagusienetako dela. Gertu izan du gola atzelari nafarrak, baina geldiketa bikaina egin dio Diego Lopez. Handik gutxira, gola buruan izan du Oierrek, baina ez du ongi errematatzen asmatu.

38 minutu Osasunarenak izan dira eta kanpokoak ez dira iruindarren atera gerturatu ere egin. Lehen zatiko azken minutuetan, ordea, ordura arte egin ez dutena egin dute. Lehenbizi Hernanek aukera bikaina izan du, baina jaurtiketak gora alde egin dio. Eta partida atsedenaldira berdinketarekin joanen zela zirudienean, Leo Baptistaok, bakar-bakarrik, gola egin du buruz.

Gogotsu sartu dira bigarren zatian Enrique Martinen gizonak eta bost minututan bi gol aukera garbi izan dituzte Sergio Leonek eta sartu berria zen Oriol Rierak, baina Espanyol ere gertu egon da bigarrena egitetik. Markagailua, hala ere, ez da mugitu.

Bartzelonako taldea partida lokartzen saiatu da, nahiz eta Tanoren akats larri baten ostean bigarrena egiteko puntu-puntuan egon den. Eta gola etxekoek egin dute. Berriz ere Sergio Leon eta Jaime Romero protagonista. Bien arteko jokaldi azkar bat ederki errematatu du Leonek eta banakoa igo du markagailura 67. minutuan.

Baina gutxi iraun du pozak Iruñean. Lau minutu geroago, kontraeraso batean, Gerard Morenok gol ederra lortu du, kanpotarrak, berriz ere, aurretik jarriz. Osasunak ez du etsi, eta hainbat abagune izan dituzten arren, markagailua ez da gehiago mugitu.