NAIZ
IRUÑEA

Karpa unibertsitarioak brigada feminista debekatu duela salatu dute

NUPeko talde feministek azken urteetako karpa unibertsitarioan eman diren eraso sexistei aurre egiteko brigada feminista bat antolatzea erabaki zuten, zein ostiral honetan ospatuko den jaian erasorik balego laguntza eskaintzeko prest agertu ziren. Karpako antolatzaileek brigada feminista debekatu dutela salatu dute gaur.

Karpa Unibertsitarioan brigada feminista debekatu egin dutela salatu dute. (NUPeko talde feminista)
Karpa Unibertsitarioan brigada feminista debekatu egin dutela salatu dute. (NUPeko talde feminista)

Ostiral honetan ospatuko den karpako antolatzaileek brigada feminista debekatu dutela salatu du NUPeko talde feministak. Urtero karpan emandako eraso sexista eta homofoboen aurrean «antolatzeko beharra» ikusi zuen emakume taldeak, erasoen aurkako protokolo komun bat eginez eta brigada feminista bat antolatuz.

Gaur NUPen emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, antolatzaileen baiezkoa jaso zuten hasiera batean, baina atzo atzera bota zuten erabaki hori. «Protokoloaren berri ematen zuten kartelak kendu eta brigada feministan parte hartuko zuten emakumeak identifikatzekotan karpa eremutik botako zituztela esanez mehatxatu gintuzten», adierazi dute.

Hala ere, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute: «Oztopoak oztopo, argi daukagu borroka eta antolakuntza dela emakumearen ahalduntzerako bidea eta zeregin horretan lanean jarraituko dugu erabaki guztien gainetik».

Honela, jakinarazi dute ez dutela «inongo erasorik onartuko» karpan eta jarrera homofobo edo matxistarik ematekotan «behar bezalako erantzuna» emango dutela.

Bestetik, karpa azken urteetan bilakatu den «masen bilgunea» kritikatu dute, hasieran hasi zen ikasleen ekimen hartatik urruti.