NAIZ

Gorputz biluziak bekatu, Facebookek orria blokeatu diela salatu du Ernaik

Ekaineko sexu askapenerako egunaren harira argitaratutako kartel batzuengatik Facebook orria blokeatu egin dietela salatu du Ernaik. Ekainaren 28an gorputz biluziak erakusten zituzten kartelak dira, gazte antolakundearen esanetan, blokeoaren arrazoia. Zentsura salatu eta orri berria sortu dute.

Itxuraz orriaren blokeora eraman duen karteletako bat. (ERNAI)
Itxuraz orriaren blokeora eraman duen karteletako bat. (ERNAI)

«Zentsuraren gainetik, sarean ere zernahi gara!» esanez erantzun dio Ernaik Facebooken blokeoari. Gazte antolakundeak ohar bidez jakinarazi du blokeatu egin dietela sare sozial horretan zuten orria eta itxuraz sexu askapenaren aldeko egunaren harira argitaratutako kartelak dira arrazoia. Ekainaren 28ko afitxetan gorputz biluziak zeramatzan Ernaik eta horrek eragin du blokeoa.

Arazoa konpontzen saiatu dira Facebookekin baina honek ez diela inolako erantzunik eman dio Ernaik oharrean eta horregatik «zentsurak zentsura», beste orrialde bat sortzea erabaki dutela.

Lehen ere antzeko egoerak bizi behar izan dituztela salatu du Ernaik. «Garenak gara, ditugun gorputzak ditugu eta harro gaude» dio gazte antolakundeak eta Facebooken erabakiak ez duela aldatuko euren jarduna.