NAIZ
IRUÑEA

Nafarroako itunpeko hezkuntzan mobilizazioak iragarri dituzte «Gobernuaren murrizketen aurka»

SEPNA, LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte nafar Gobernuak «itunpeko hezkuntzan egin dituen murrizketak salatzeko». Akordio programatikoan adostutakoaren aurka joatea leporatu diote Uxue Barkosen gobernuari.

Mendoza, nafar Gobernuko hezkuntza kontseilaria. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Mendoza, nafar Gobernuko hezkuntza kontseilaria. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Itunpeko hezkuntzan ordezkaritza duten SEPNA, LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazioak egingo dituzte Uxue Barkosen nafar Gobernuak akordio programatikoan adostutakoa «ez duela betetzen» salatzeko. Datorren asteazkenean, hilak 16, Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egingo dute.

«Beti izan ditugu hezkuntza publikoak baino ordu gehiago eta soldata txikiagoak, eta murrizketekin amaitzera Gobernura iritsi ziren alderdi horiei dei egin nahi diegu», azaldu du ELAko ordezkari Juan Pedro Urabayenek. Aurreikusita dute datorren astean nafar Gobernua sustengatzen duten lau alderdiekin elkartzea.

LABeko kide Iñigo Orellak adierazi duenez, «ez da soilik 2010etik ezarri diren murrizketak ez dituela atzera bota, baizik eta gure egoerak okerrera egin duela». 2.800 pertsona ari dira itunpeko hezkuntzan lanean.

Akordio programatikoak soldaten igoeraren %1a zekarren, baina salatu dutenez, «honek formakuntza kurtsoak edo ordezkapenen baldintzak okertu ditu». «Orain arte ikusi ez dugun egoera bat da», gaineratu du UGTko Alejandro Gastaminzak. «Aurrekontuak igo gabe nondik kendu bilatu nahian dabiltza» gehitu du Orellak.