NAIZ
IRUÑEA

«Pasaiako Badia» dokumentalaren crowdfunding kanpaina abiatu dute

Pasaiako segadan hildakoen senideen babesarekin, «Pasaiako Badia» titulupeko dokumentalaren crowdfunding kanpainaren berri eman dute Oinatzak Produkzioak-eko kideek. 8.000 euro biltzea izango du helburu aipatu kanpainak, eta abenduaren 21a arteko epea jarri dute horretarako.

Dokumentalaren egile, kolaboratzaile, senide eta abarrak, prentsaurrekoan. (NAIZ.EUS)
Dokumentalaren egile, kolaboratzaile, senide eta abarrak, prentsaurrekoan. (NAIZ.EUS)

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotako gertaerak oinarri dituen «Pasaiako Badia» dokumentalaren crowdfunding kanpaina aurkeztu dute prentsaurrekoan Oinatzak Produkzioak-eko kideek.

2017ko udazkenean ikusi asmo du argia dokumentalak eta orain arte sortutako gastuen zati bati eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko abiatu dute crowdfunding kanpaina, abenduaren 21a bitarte 8.000 euro bildu asmo dituena.

Ekarpena egin nahi duenak www.verkami.com plataformara jo dezake eta honen ondorioz dokumentalaren DVD-a eta posterrak edo produktu ekologikoekin osatutako otarra nahiz landetxean asteburu pasa baten zozketan parte hartu ahal izango du.

Kanpainak irauten duen denboran, gainera, kasuarekin lotutako erakusketak jarriko dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetan.

Gaur gaurkoz, hildakoen senideen testigantzak jaso dituzte, baita gertaeren testigu zuzen izan zirenen, Pasaiako zenbait herritarren, Xanti Gonzalez eta Miguel Castells abokatuen, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren eta Enrique Villarreal «El Drogas»-en testigantzak ere.

Etorkizuneko erronken artean dituzte Pako Etxeberria mediku forentsea eta giza eskubideen inguruan aritzen den aditu bat grabatzea, eta saiakera egingo dute orduan Gobernu espainiarreko kide zirenen artean ere.

Pello Aizpuruk, Pasaiako badiako sarraskian bizia galdutakoen senide gisa, eskerrak eman dizkie dokumentala posible egiten ari direnei eta herritar guztiei, ahal duten neurrian, ekarpena egiteko eskatu die.