Ohar baten bitartez, Jaiki Hadi elkarteak azaldu du larriki gaixo dauden presoen zerrendan hamaikagarren izena sartu behar izan dutela: koloneko minbizia duen Joseba Borde Gaztelumendi ugaoztarra, egun Curtis-Teixeiroko espetxean dagoena.
Salatu dutenez, «urte honetan zerrenda laburtu beharrean luzatu behar izateak zera adierazten digu: presoen osasun egoerak okerrera egiten jarraitzen duela eta ez dela inolako neurririk hartzen errealitate honen aurrean». Hortaz, azpimarratu dute «gaitz larriak sendatzeko edo kontrolatzeko guztiz desegokia den espetxealdia ez dela kasu bakar batean ere eten urte osoan».
Duela hilabete batzuk Joseba Borderi koloneko adenokartzinoma bat aurkitu ziotela azaldu du Jaiki Hadik, eta larrialdiko ebakuntza kirurgiko bat egin behar izan ziotela gaineratu. Une honetan Curtisen jarraitzen du ugaoztarrak, medikuen zaintzapean.
Kasu honetaz gain, beste hamar presok gaixotasun larriak dituztela gogoratu du elkarteak.
Aurki emango duten prentsaurrekoan adieraziko dutenez, aurtengo balorazioa «guztiz ezkorra» da Jaiki Hadirentzat: «preso gaixo larrien kopurua gora doa etengabe eta nahiz eta espetxean jarraitzea kaltegarria suertatu, bertan jarraitzen dute, urte luzez, gainera».
«Esan beharrik ez dago –gaineratu du elkarteak– horren jakitun direla preso hauen osasunaz arduratu beharko liratekeen osasun profesional, espetxe arduradun zein epaileak. Beraz, dei egiten diegu berriz ere berandu baino lehen bideratzea egoera hauek, osasun eta giza arloko irizpideei jarraikiz beti ere».