Ligako sailkapen nagusiko aurreneko postuetan dauden bi taldek jokatu dute igande honetan aurrez-aurre San Mamesen. Laugarren postuan Vilarreal, zazpigarren Athletic, goi mailako futbola ikusi asmoz gerturatu dira zaleak Katedralera.
Alabaina, bigarren zatiaren zain egon behar izan dute futbola ikusteko. Parekatua izan da lehenengo zatia, intentsoa, baina ez batak ez besteak ez dute gol aukerarik sortu lehenengo 45 minutuetan.
Bigarren zatian, baina, guztiz aldatu da partidaren erritmoa. Eta joko horretan nagusi izan da Athletic. Aritz Adurizek hiruzpalau aukera on izan ditu bigarren 45 minutuetan, Iñaki Williamsek zutoinera jaurti du atezaina gainditu ostean baina Raul Garcia izan da gola egin eta hiru puntuak etxean uztearen arduradun nagusia.
Adurizek jokaldi bikaina egin du Raul Garciaren golaren aurretik, irudi hauetan ikusi daitekeen bezala:
Hermosa recepción de Aduriz, su tiro lo rechaza Asenjo, Raúl García en solitario solo empuja el gol de la importantísima victoria bilbaína. pic.twitter.com/CxWvhrOBjW
— BennyGol (@BennyGol1302) 2016(e)ko azaroak 20
Gola sartu ostean ere nagusi izaten jarraitu dute txuri-gorriek eta Vilarrealek ez du zalantzan jarri inolako momentutan Athleticen garaipena.
Modu horretan, zazpigarren postuan kokatu dira txuri-gorriak, 20 punturekin. Vilarrealek bi gehiago ditu, laugarren postuan.
Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun nagusiak NAIZen webgune berezian.