Amaia Ereñaga

Durangoko Azoka

Mende erdiko muga psikologikoa gainditu ondoren, ate joka daukagu Durangoko Azokaren beste edizio bat. Inoiz baino goiztiarrago dator –abenduaren 2tik 6ra– eta publiko berriei bertaratzeko  gonbita luzatuta. Eta irakurtzen hasten garenean zer ikasten dugu lehenen? Alfabetoa seguruenik. Hona hemen 51. edizioaren giltzetako batzuk A-tik Z-ra.

Aretoak:  Demagun ez zarela inoiz Durangoko Azokara gerturatu. Eta aurten bai, joatea erabaki duzu. Euskal kulturgintzak urte osoan emandakoaren uzta osoa Landako Guneko 4.200 metro karratuetan zure begien aurrean zabaltzen da elkarren segidan jarritako mahai gainetan hedaturik… baina, argitu beharrean gaude, azoka honek ez du soilik helburu komertziala –hein batean bai, saltzea garrantzitsua da-eta–, Durango euskal kulturaren erakusleiho, hauspo eta topaleku bihurtu da denboraren poderioz. Beraz, hemen «egosten» dena bere osotasunean ezagutzeko zer egin beharko genuke? Hara, Azoka hainbat gunetan dago antolatuta, eta bakoitzak bere egitaraua du: Areto Nagusian, 30 minutuko tarteetan, argitalpen zein proiektuak aurkezten dituzte; Kabi@-n kultura digitalarekin lotutako tailerrak eta topaketak izaten dira; Saguganbaran gaztetxoei zuzendutako idazleen aurkezpenak eta ekintza bereziak egiten dituzte; Irudienean euskarazko ikus-entzunezkoen emanaldiak izaten dira; Szenatokia arte eszenikoen topalekua da eta Plateruena gaueko kontzertuen agertokia;  eta azkenik, Ahotsenean, euskarazko literatura eta musika aurkezpenak egiten dituzte, hemen ere 30 minutuko tarteetan. Aurtengo aldaketa nagusia Ahotseneari dagokio, orain arte erabili izan duten orubean etxebizitzak eraikitzen hasiak direnez, Landako alboko parkera mugituko baita. Aurten kontzertuen aurkezpenak ere berreskuratuko dituzte.

Bizitzekoa da!: 51. edizio honetako leloa bizitzearen esperientziarekin lotuta dago: «Gazteei, nagusiei, haurrei, euskaldun berriei, zaharrei, euskal hiztunak ez direnei ere etortzeko eta Azoka bizitzeko eskatu nahi diegu. Etorri. Ezagutu. Azokara etortzea merezi du. Gozatuko duzue». Nerea Mujika Gerediagako presidentearen hitzak dira. Gonbidapena, dena den, ez dago urtero gerturatzen direnei soilik bideratuta, horien bisita ziurtatuta baitago –publiko fidela eta gaztea da Azokakoa, batez beste 37 urtekoak aurten egindako ikerketa baten arabera–, baizik eta inoiz etorri ez direnei. Publiko berriaren gosea dauka euskal kulturak. Horixe da hemendik aurrera heldu beharko zaion erronka bat… bestea, egutegiarekin «borrokatzea» izango dute, aurtengo abenduko zubia ez baitzaie oso egoki geratu, ostiral batean hasi beharrak bultzatuta.

Christine: Kanbon bizi da Christine Etchevers (Baiona, 1953) margolaria. Bera da 51. edizio honetako kartel koloretsu eta abstraktuaren egilea, aurreko edizioetan ikusi ahal izan ditugun afixen estilotik erabat aldentzen dena. Bera da, gainera, Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehenengo artista. Mugaz bestaldeko euskaldunek leku eta indar berezia izango dute aurtengo edizioan, hamar urte betetzen direnean Euskal Kultur Erakundeak eta Gerediaga elkarteak hitzarmena sinatu zutenetik, eta, hori dela-eta, Ipar Euskal Herriaren ordezkaritza zabala izango da Durangon, 30 ekitalditatik gora atondu baitituzte, formatu guztietakoak. Christine Etcheversen lana aurrez aurre ikusi nahi baduzue, jakin ezazue Durangoko Arte eta Historia Museoan (San Agustinalde kalea, 16) ikusgai izango duzuela Azokak irauten duen bitartean.

Durango: Urkiolako Parke Naturalaren magalean, mendiz eta haitzez inguratutako Bizkaiko hego-ekialdeko bailara ederrean kokatzen da Durango. 29.000 biztanle pasatxo dituen herri honetako kaleak eta eraikinak gure historiaren lekuko isilak dira. 1997an monumentu multzo izendatu zuten herrigune historikoa eta ez da harritzekoa, bertako kaleetatik ibiltzean Erdi Aroko hiribilduarekin egingo dugu topo, eta 700 urtetik gorako elementuen bidez, historian atzera egin ahal izango dugu. Erdi Aroan sortuta, Tavira de Durango edo Villanueva de Tabira hura Nafarroako erresumaren barruan kokatu zen 1095. urtera arte, hots Bizkaiko Jaurerriaren menpeko bihurtu arte. XVI. mendean Durangoko Heresia izenaz ezagutzen dena gertatu zen, Kurutziagako gurutzeak gogorarazten digun bezala: hots, Alonso de Mella fraide frantziskotarraren ehundik gora hereje heriotza zigorraz kondenatu zituztela. Bere historia luzean herriak bisitari «entzutetsu» ugari izan ditu, esaterako, Fernando VII.a –1813ko Kadizko Konstituzioa onartu zenean– edo Primo de Rivera diktadorea, eta bere kaleek gerrak eta izurriteak ezagutu dituzte, Karlistadak edo 36ko Gerra kasu. Gernikakoak oihartzun handiago izan zuen arren, Durangok ere bonbardaketa sistematiko bortitzak jasan zituen 36ko Gerran. Eraso gogorrena 1937ko martxoaren 31koa izan zen. Guztira 14.840 kilo inguru lehergailu jaurti zituzten hegazkin faxistek aire erasoen kontrako inolako babesik ez zuten herritarren gainean.

Eskaini: Bata, Imanol Urbieta, orain dela gutxi joan zaigu. Bestea, Korrika, iristear dago, bi urtetik behin egiten den euskararen aldeko lasterketa honen hurrengo hitzordua 2017arekin iritsiko da-eta. Euskal Herriko haurren rock star kutunek –horrela definitu ditzakegu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ospetsuak– Korrikari eta Imanol Urbietari eskaini diete Durangorako atera duten produktu bikoitza. Alde batetik, “Haizearen herrira” izenburuko CDan, Imanol Urbieta (1934-2016) euskal musikari eta idazlearen hainbat kantaren moldaketak bildu dituzte. “Tipi-Tapa, Korrika” disko-liburuan, bestalde, titulu berarekin osatu duten ikuskizun berriaren kantak biltzen dira. Liburua ere badakar, Miren Amurizak eta Julen Tokerok moldatua.

Feminismoa: Azken urteotako joerei jarraituz, saiakera, kazetaritza edo historia lanak dira aurtengo sorkuntzaren uztan pisu gehien izan duten generoak. Gizartean puri-purian dauden gaiak jorratzen dituzte, esaterako, emakumeen aurkako indarkeria edo generoen berdintasun eza. Txalogarria da oso, adibidez, 2016. urtean kaleratutako ehunka lanen artean genero ikuspegitik abiatutako hainbat titulu aipagarri aurkitzea. Batzuk lan mardulak dira, esaterako, Rosa eta Ana Iziz Elarre iruindar ahizpa historiagileen “Historia de las mujeres en Euskal Herria 1: Prehistoria, Romanización y Reino de Navarra” (Txalaparta) liburua. Tafallako argitaletxeak kaleratuko duen liburu sail baten lehenengo alea da, eta egitasmo horrek gure historiaren hutsune handi batean jarri nahi du fokua, hau da, emakumearen paper isilean. Barrenak mugiarazten duen horietakoa dirudi, era berean, Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguez ikertzaileek paratutako “Borroka armatua eta kartzelak” (Susa), bertan hemezortzi emakumeren eta hiru gizonen kontakizun eta hausnarketak bildu baitituzte gatazka armatuaren eta genero gatazkaren arteko loturak eta hausturak mahairatzeko. Horiez gain, aurtengo Azokan lan antropologikoak aurkituko ditugu –"Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira" (UEU)–, edo kazetaritzaren eta testigantzaren arteko mugan dabiltzanak. Horren adibide dugu "Bidean ikasia" (Pamiela), non Arantxa Urretabizkaiak Hondarribiko alardean azken bi hamarkadetan bizitako egoera surrealistak bildu dituen. Askok etxera eramango duten beste titulu bat Danele Sarriugartek euskarara ekarri duen "Emakumeak, arraza eta klasea" (Elkar) izango da. Angela Davis pentsalari eta aktibistak emakumea, beltza eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen aurreneko aldiz 1981ean argitaratu zen liburuan.  

Gerra: Atzera begirako hausnarketa egitea dute ezaugarri komuntzat euskal literaturako izen ezagun askoren lan berrienetako batzuek, horietako hainbat gure herriak pairatutako gerretan girotutako kontakizunak baitira. Letamendi-Urresti sendiko benetako pertsonaiak hartu ditu «haritzat» Kirmen Uribek, eta hamarkadetan euskaldun askok bizi izandako sufrimenduaren erretratua –erbesteratzea, gerra, frankismoa…– josi du “Elkarrekin esnatzeko ordua” (Susa) bere hirugarren liburuan. Argitaletxe berean kaleratu du Koldo Izagirrek “Franco hil zuten egunak” (Susa). Bederatzi ipuinez osatutako narrazio liburu honetan, idazleak hizpide hartu ditu Franco diktadorea hiltzen ari zen baina hiltzen ez zen egun haiek, betiere jende xumea dela protagonista. “Alsina” (Elkar) nobelan, ordea, Xabier Mendiguren Elizegik historiaren bi garai eta bi istorio uztartzen ditu: 1936ko gerratik ihesi Amerikara joandako bikote baten istorioa, eta 1980an, berriz Euskal Herrira itzuliko den alabarena. Patxi Zubizarretak, bestalde, 1987. urtera bidaltzen gaitu “Erantzuna haizean dabil” (Txalaparta) eleberrian: Sobietar Batasunak Soyuz espazio-ontzia orbitan jarri du; Salt Lake Cityn Kaczynskik bonba bat jarri du; Ingalaterran Tatcherrek bere azken agintaldia eskuratu du; Bartzelonako Hipercorren ETAk atentatua egin du 21 hildako eraginez; eta hiri horrexetara bizitzera joan den Adelak aurki 18 urte beteko ditu eta uda horretan maitasuna ezagutuko du.

Helduaroa: Euskal musikagintza helduarora iritsi ote da behingoz? Erantzuna, jarraian. Hogei urteko ibilbidea betetzear daudenean, Zea Mays taldekoek zortzigarren lanari jarritako izenburuak xede adierazpena dirudi: “Harro” (Garden Records). Dave M. Allen ekoizle ezagunaren laguntzarekin Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu dituzte diskoko hamabost kanta berriak, eta Londresen masterizatu. Plateruenan hilaren 3an eskainiko dute zuzenekoa. Beste «gazte-beterano» batzuk, Su Ta Gar taldekoak alegia, bi hamarkada luzeren ondoren lan guztiz desberdin bat egitera ausartu dira: “Maitasunari pasioa” (Jo Ta Ke ekoizpenak). Eta ez dira horrenbestera iristen, baina hortxe-hortxe dabiltza Bide Ertzean taldeko kideak, 18 urteko ibilbidea bete berri baitute. Kaleratuko duten azken diskoan –datorren urtean eten mugagabea egiteko asmoa omen dute– hemezortzi urte horiek hamalau abestitan eta Jon Eskisabel kazetariak egokitutako liburu batean bildu dituzte “Zutaz kantatzeko” izenburupean. Eta bi urteko geldialdiaren ondoren, Willis Drummond taldea disko, bira eta zigilu berria besapean hartuta abiatuko da Durangora. “Tabula Rasa” (Willis Drummond) izena erabili du bai zigilu berrirako eta bai lan berrirako, eta asmoen deklarazio argi bat da, diskoa «berpizte baten ikurra» omen delako. Biziberrituta omen dator era berean Gari, “Estutu” (Elkar) bere zortzigarren diskoan rock estilotik aldendu eta malenkonia baikorraz –berak horrela definitu du– bustitako bere bizitzan oinarritutako kantak grabatu dituelako. Beste hiru bakarlarik ere helduaroko lan bana kaleratu dute: Anarik aurkeztuko du labetik atera berria duen “Epilogo bat” (Bidehuts), Ruper Ordorikak New Yorken grabatutako “Guria ostatuan” (Elkar) disko sentikorra eta Txuma Murugarrenek “Zerbait ari da gertatzen hor” (Gaztelupeko hotsak), ahots lakarreko kronista honen azken urteotako diskorik inspiratuena omen.

Irudietan: Uste baino zale gehiago dituzte eta, badu bere zergatia; komiki edo eleberri ilustratu askok paperean margotutako bitxiak diruditelako. Batzuk aipatzearren, eskaintza zabala baita oso, haur eta gazte literaturako argitalpen bat, helduentzako komiki bat, eta genero eta formatu desberdinen arteko nahasketa den produktu bat aukeratu ditugu. Lehena, “Beroki Gorria” (Ibaizabal), Peru Abarka Album Lehiaketako aurtengo irabazlea da. Patxi Zubizarretaren testua Yolanda Mosqueraren marrazkiez apainduta dago, eta 36ko gerratik ihesi, “Havana” itsasontzian, Santurtzitik Ingalaterrarako bidaia egin zuten umeen historia islatzen du. Hau da, iraganeko gaia, baina zoritxarrez, gaur egun ere, egunero komunikabideetan agertzen diren albisteetan errepikatzen dena. Bigarrenari dagokionez, komikia da bete-betean, euskaraz nahiko bazterreko generoa alegia: “Zarrakamalda” (Txalaparta) izenburua jarri dio Iñaki Martiarena Mattin ibilbide luzeko marrazkilariak bere estreinako komiki luzeari. Eta hirugarrena CD-liburu bat dugu. “Itzal zaunka” (Elkar) argitalpena Antton Olariagaren marrazkiek, Harkaitz Canoren hitzek eta Jexuxmai Lopetegiren musikaz osatutako lana da: txakur baten hausnarketek izatearen oinarrizko zalantza eta galderetara eramango dute irakurlea.

Jo eta fuego: Makineria ez dela inoiz gelditzen aitortu ohi dute Gerediaga elkartekoek. Urte osoan egindako lan isilaren emaitzak bost egunetan laburbiltzen dira, egindako hamaika ahaleginak hain epe eskasean zirt edo zart gauzatzen direlarik. 2015ekoan esfortzu berezia egin zuten, 50. urteurren borobila ospatzeko, baina badirudi aurtengo edizioa ere antzeko kopuruetan ibiliko dela: 246 stand –iaz baino hiru bat gutxiago–, 349 nobedade –gehienak liburuak, 233 zehazki– eta 200 kultur ekitaldi eta gehiagok osatuko dute ate joka dugun 51. edizioa. Beste kultura edo herrialdeetako gonbidatuei dagokienez, aurten editore eta kazetari flandriarren ordezkaritza baten bisita espero dute, Etxepare Institutuak gonbidatuta. Eta Radio 3 irratia ere Azokara gerturako da.  

Klasikoak: Urrezko ezteiak ospatzen ari da urte osoan Oskarbi taldea, eta horren lekuko “Mendira naiz” (Elkar) diskoa. Benito Lertxundirekin batera horrenbeste urte taula gainean daramatzan talde bakarra izango da seguruenik, 1966an sortu eta gaur eguneraino –etenaldi luze baten ondoren, hori bai– euskal kantugintza jorratzen jarraitu baitu. Benito Lertxundik, bestalde, ez du aurten lan berririk ekarriko, baina Azokako protagonistetako bat izango da, Ezkurdi pilotalekuan kontzertua eskainiko baitu larunbatean, hilaren 3an. Eta beste klasiko bat itzuliko da: Oskorrik agur esan zigun iaz eta orain argitaratu da “Hauxe da despedidia” (Elkar) liburua, bi CD eta DVDarekin osatuta. Eta Pantxoa Carrerek, Peio eta Pantxoa bikotearen «erdiak», “Anaitasunean” (Elkar) dakar.

Lekukoak: Gizartean puri-purian dauden gaiak lantzen dira normalean saiakera generoan, irakurleak hausnarketarako euskarrien bila dabiltzan horietakoak izan ohi direlako. XXI. mende honetan, adibidez, erlijioen arteko talka oso kezkagarria dela ez du inork ukatuko. Joxean Sagastizabalek, esaterako, genero honi heldu dio “Peru apreta mistikoa” (Pamiela) lanean, erlijio desberdinez ari delarik –kristautasuna, islamismoa, judaismoa...–, kritika umoretsua eginez. «Ezjakin» baten eta «maisu» baten arteko elkarrizketa moduan egituratutako liburu honetan, Peru Abarkaren ereduari jarraitu dio. Generoaren beste adar bat kazetaritza, salaketa eta hausnarketaren arteko mugetan koka daiteke, eta arlo horretan Txalaparta argitaletxeak aspaldi zabaldu zuen bidea. Hor dago Jon Andoni del Amoren “Party & Borroka: jóvenes, músicas y conflictos en Euskal Herria” (Txalaparta), eleberri moduan irakur daitekeen kronika probokatzailea, azken hamarkadetan gurean sortu den kontrakultura politiko eta musikalaren erradiografia egiten duena. Argitaletxe berak bultzatutako “Tres tristes trileros. Arbeloa, Del Burgo y Aizpún” (Txalaparta) lana ere hortxe daukagu. Jose Mari Esparzari, Floren Aoizi eta Patxi Zabaletari eskatu diete UPNko eta PSNko buruzagi horien ibilera politiko iruzurgilearen inguruko panoramikak idazteko... eta, izenburua ikusita bederen, uste izatekoa da gogor eman dietela. Irati Jimenezek bestelako proposamen bat egin du “Odola”, “Musua” eta “Gatza” (Txalaparta) liburuxketan: bakoitzean izenburutzat duen hitzarekin loturiko denetariko informazioa bildu eta kontzeptu horren gainean daukagun ikuspegia zabaltzea proposatzen baitu bizkaitarrak. Eta beste bi proposamen, bukatzeko: “Debako zentral nuklearra” (Elkar) liburua, non borroka horren historia islatzen den; eta titulu misteriotsu bat, “Cuando Marx visitó Loyola” (Erein), Idoia Estornesen lan berria.   

Memoriak: Lekukotasun pertsonal eta politiko baten isla da “Bizipenak eta hausnarketak” (Txalaparta), Tasio Erkiziaren biografia. Lesakatik Bilbora eta frankismoaren ilunetik ziklo politiko berrira doan bidaia honetan, ezker abertzaleko kide historiko honek begirada hurbila eskaintzen die gure herri proiektuaren eraikuntzaren protagonista izan diren hamaika protagonista eta prozesuri: euskara, ETA, apaiztegia, tortura, Karmelo ikastola, asanbladak, Santi Brouard, trantsizioa, zinegotzi lana, ASK, Josu Muguruza, Zuberoa, ZEN plana, “Martxa eta borroka”, Ramon Labaien, kartzela, Udalbiltza... Liburuaren hitzaurrea Arnaldo Otegik idatzi dio. Testigantza pertsonala eskaintzen du Eugenio Ibarzabalek ere “Días de ilusión y vértigo (1977-1987)” (Erein) liburuan: Jaurlaritzako bozeramailea izan zen garaia, ETA pm-ren desagerpena, EAJren banaketa…

Natura: Naturari oro har eta bereziki mendiari lotutako literatura eta produktuek segizio leiala dute betidanik gurean, eta Azoka, noski, horren isla izaten da. Aurten Landakoko standetan aurkituko dugun eskaintza zabalean izenburu batzuk deigarriagoak egingo zaizkigu; adibidez, genero honetan klasikotzat har dezakegun altxortxo baten berrargitalpena –Julio Villar gidari eta mendizale donostiarraren “Viaje a pie. Mar de nubes” (Sua) liburuaren edizio berritua–, Santiago Yañiz argazkilari bizkaitarraren “Parajes inolvidables. Excursiones de foto” (autoekoizpena) lan txukuna edo Alain Mirandak Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko toki ezezagun eta mitikoetara proposatzen digun bidaia “Ipar Euskal Herria. 100 toki mitikoak” (Elkar) liburuan.


Ñabardurak: Alaine Agirreren eta Maite Gurrutxagaren “Martin” (Elkar) liburuaren protagonista desberdina da. Gauzak egiteko bere modua daukalako, edo gehiago kostatzen zaiolako. Baina kontalariak badaki ez dela arraroa, normala dela eta maitagarria… nahiz eta berezi samarra izan. Desberdintasunari, integrazioari eta bazterkeriari buruzko lan honek Estatu espainoleko Oepli erakundearen Lazarillo saria jaso zuen album ilustratuen atalean, eta Azokan haur eta gazte liburuetan aurkitu daitezkeen balio integratzaileen eredua izan daiteke. Argitaletxe bereko adibide gehiago: “Perutxo eta Txomintxo maiteminduta”, Txomin eta Peru Magdalenaren azken ipuin dibertigarria eta, aldi berean irakasbidea ere izan daitekeena, eta Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren “Ispilutxo” –mutilek «neska» deitzen diote Kevin-i, eta bera triste dago–. Koldo Izagirrek “Dumitru” (Erein) eleberrian mutil errumaniar baten abenturak kontatzen dizkigu. Euskalduna da, gainera, Dumitru haurra, hitzez eta izatez. Eta gure gaztetxoek poesia maite dezaten Anttxon Kazabon oiartzuarrak lehenengo poema liburua idatzi du “Ilunpetik argitara” (Maiatz) titulupean. 12-16 urte arteko gaztetxoei bideratuta, Jon Zabaleta hernaniarraren ilustrazioekin lagunduta dator olerki bakoitza.     

Opariak: Nor ez da Azokaz baliatu Gabonetako erosketak aurreratzeko? Euskal kulturgintzako produktuez «hornitzeko» toki ezin aproposagoa da Durango, dena eskura baituzu. Askorentzat tradizio bihurtu da, iraganean leku bakarra baitzen, hementxe baino ezin baitziren aurkitu euskaraz idatzi edo grabatutako disko eta liburuak. Halere, kontuan hartzekoa da hemen dagoen ia guztia liburu eta disko dendetan aurkitu dugula gaur egun. Hori bai, egilearen sinadurarik gabe. Liburu, disko eta antzekoez harago, Azokak irauten duen egunetan herri hau «euskal artisauen hiriburua» bihurtzen da Euskal Dendari esker. Urte luzez Azokako egoitza izan zen Merkatu plazan kokatuko da aurten ere 21. edizioa –2tik 6ra–. Hemen gure artisautzaren benetako irudia helaraziko zaiei bisitariei. Aukera hobeezina da opari bereziak eta apartak erosteko… eta, bide batez, artisauen lana sustatzeko.

Politika: “Independentzia helburu” (Txalaparta) izenburua du Andoni Olariagak, Imanol Galfarsorok, Unai Apaolazak eta Jule Goikoetxeak elkarrekin idatzi duten saiakera lan interesgarri honek. Txillardegik Euskal Herria helburu markatu zuenetik bi hamarkada joan zaizkigula, lau euskal pentsalari hauek Euskal Herriaren independentzia politikoaz hausnartzeko batu dira. Hizkuntza, historia, generoa, lurraldetasuna, antolamendu politikoa, estatugintza... XXI. mendean estatu burujabe bat lortzeko bidea malkartsua izango dela jakinik, liburu honek hausnarketa sakona mahaigaineratu nahi izan du eta, aldi berean, azken urteotako euskal pentsamenduaren panoramika anitz eta probokatzaile bat aurkeztea du xede. Ildo beretik jo du Koldo Zelestinok, “Herrigintzatik naziogintzara” (Kurkuluxetan elkartea) ikerketan. Naziogintzaz eta herrigintzaz gogoetak bildu ditu bertan, baita zenbait proposamen mahai gainean jarri ere, batez ere burujabetzan eta emantzipazioan aurrera egin ahal izateko pertsona erdigunean egon behar dela esanez. Garai berriak ditu ardatz Jon Orzaiz eta Joxerra Senar kazetariek idatzitako “Nafarroa, orain ala inoiz ez!” (Jakin, Berria, Elkar). Nafarroaren historia garaikidean inoiz ezagutu gabeko aldaketa politikoa gauzatu zen 2015eko maiatzaren 24an, eta egun horretan, lurraldea nahieran kudeatu zuten eliteek tokia egin behar izan zieten behingoz erakundeetan ordura arte baztertutako alderdi politiko zein sektore sozialei. Geroztik, aldaketak bere zailtasun, argi-ilun eta arriskuekin aurrera egin du, eta bai egindako bidea bai aurrean dituen erronka nagusiak aztertzen ditu liburuak. Azkenik, euskaraz irakurtzerik izan ez zutenek, orain gaztelaniara itzulita eskuratu dezakete hain arrakastatsua suertatu den Imanol Muruaren “Un final para ETA” (Tarttalo), non kazetari honek ETAren amaierako gaurkotasun handiko kronika politikoa gauzatu du.



Quorum-a: Abenduko lehen asteburuan Durango urtero euskal kulturgintzaren, politikaren eta aldarrikapenen hiriburua bihurtzen dela ez du inork auzitan jartzen. Santa Mariako elizpetik merkatura eta merkatutik Landakoko erakustazokara, bere ibilbidearen harian euskal kulturaren bilakaeraren testigantza utzi du Azokak. Une gozoak eta latzak pasatu ditu, zaila izan zitzaion frankismo garaiko debekuei aurre egitea, Bilbora eramateko tentaldiak geldiarazteko gaitasuna izan zuen –80ko hamarkadaren bukaeran proposamena mahai gainean egon zen– eta orain duen hurrengo erronka etorkizun digitaleko Azoka bihurtzea izango da. Oraingoz behintzat belaunaldi berriak bereganatzeko gaitasuna baduela ematen du, iaz hasitako boluntariotza programari segida eman diolako. 73 bat boluntario Azokako zereginetan laguntzeko prest daude.  

Ranking-ak: Gerediaga elkarteak ez du zehatz-mehatz salduenen zerrenda luzatzen, hori argitaletxeen esku geratzen baita, baina Azokaren azken egunean egin ohi duten prentsaurrekoan salmentei «termometroa» jartzen diete, eta bide batez, arrakasta izan dutenen tituluen «arrastoak» lor daitezke. Ez gara hasiko igarlearenak egiten, baina apustua egingo genuke literaturan Joseba Sarrionandia, Kirmen Uribe edo Toti Martinez de Lezea salduenen artean egongo direla –nobela historikoaren «erreginak» 1238. urtera eramango gaitu, Ianiz Ruiz de Antoñana Palestinara abiatzen denean,  “Tierra de leche y miel” (Erein) izeneko eleberrian–. Eta diskoei dagokienez? Izen asko ditugu aukeran eta horien artean nola ez dira egongo, esaterako, Gatibu bizkaitarrak? “Asko maitte, aske bizi” diote Azokara dakarten disko berrian.

Sariak: Gerediaga elkarteak urte txarretako «gau beltzean» argia eman zuten eragileak omentzen ditu Argizaiola sariarekin. Idazleak, kazetariak edo ikertzaileak izan dira gehienbat esker on hau jaso dutenak. 2016an saridunak ezezagunak izango dira publiko zabalarentzat, kulturaren oinarri-oinarriko «inurri lana» goraipatu baitute aurten. Zehazki, sei lagunen ekarpenak: Kepa Mendia merkatari arabarra, Justo Alberdi bertsozale iurretarra, Jaime Albillos ikertzaile donostiarra, Patxika Erramuzpe musikari angeluarra, Mari Carmen Belaza antzerkigile nafarra eta Jose Ramon Zengotitabengoa Chicago-ko enpresaria.

Trikia: Duela bi urte kaleratu zuen Xabi Solanok “Trikitixa Liburua I” partitura bilduma sekulako arrakastarekin. Horren adierazle, Azokan egin zuten aurkezpen jendetsua. Orain “Trikitixa liburua II” (5Gora eta Elkar) CD-liburuarekin borobildu du hasitako lana. Proiektu ludiko-didaktiko honetan, Esne Beltzan jotzen dituen kantez gain, bere beste diskoetako piezak ere badaude. Era berean, “Ereñotzu” diskoa plazaratu diote zigilu biek; beraz, aurtengoa Solanoren Azoka izango al da? Trikiaren munduko hasiberri batzuek ere astinduko dituzte bazterrak: “Aldapan gora” kantaren egileek, Huntza taldeak, “Ertzetatik” (Mauka) aurkeztuko dute Durangon.  

Unibertsala: Nazioarteko titulurik onenak  euskaraz irakurri ahal izatea behar-beharrezkoa da, garrantzitsua oso.... eta, askotan, ez da lan makala hor atzean dagoena, Xabier Olarrari gertatu zitzaion bezala James Joyceren “Ulises” (Igela) zailari ekitea erabaki zuenean. Itzulpengintzaren atalean aurtengo Euskadi Saria eskuratu duen lana Durangon egongo da salgai, baita ere Elena Ferrante idazle misteriotsuaren trilogia ederra ixten duten bi liburuak, argitaletxe beraren eskutik: “Abizen berriaren historia” eta “Haur galduaren historia”. Bueno, Ferrante jada ez hain misteriotsua esan beharko genuke kazetari italiar batek jakinarazi zuenetik idazleak hain zorrotz ezkutatzen zuen identitatea. Susak, bestalde, Munduko Poesia Kaiera bildumako hiru antologia berriak aurkeztuko ditu. Beñat Sarasolaren gidaritzapean, urtero sei kaiera kaleratzen ditu argitaletxeak, hiru udaberrian eta beste hiru udazkenean. Udazken honetako «uztan» daude Nijole Miliauskaite lituaniar poetaren olerkiak Leire Bilbaok itzuliak; Stephan Mallarme poesiaren izen handiaren bilduma osatu du Josu Landak eta Miroslav Holub zientzialari eta poetaren lanak euskaratu ditu Karlos Cidek. Bestalde, aurtengo Azokan Ramon Saizarbitoriaren “La educación de Lili” (Erein) aurkeztuko dute, gaztelaniazko bertsioa.

Vademecum: “Bitakora kaiera” (Erein) izenburua jarri dio Ibon Sarasolak bere jardun pertsonala ardatz hartuta euskara batuaren bilakaeraz egin duen hausnarketari. Iban Zalduak ere bere begirada kritikoa eta luma zorrotza lanean jarri ditu “(Euskal) Literaturaren alde (eta kontra)” (Elkar) saiakeran. Begirada zorrotz eta ironikoarekin, literaturari oro har eta euskal literaturari erreparatuz bere alde on eta txarrak nabarmentzen ditu Zalduak. Eta bertsolaritzari dagokionez, aurtengo nobedade nagusiek Xabier Amuriza izango dute protagonista. Batetik, “Hiztegi Errimatua. Hitzaren Kirol Nazionala” (Lanku) berrargitalpena, Andoni Egañaren hitzaurrearekin. Bestetik, “Jasota bezala” (Lanku) bertso antologiak. Udaberrian Xabier Amurizak plazetako jarduna behin betiko uztea erabaki zuelarik, Lankuk bere lana jaso nahi izan du cd bikoitzean: plazako jarduna batetik, eta bestetik, txapelketetako bertso hautatuak.

Wikipedia: XXI. mendeko Azoka honek sare sozialetan «bizitza paraleloa» du: bertan egiten diren ekitaldi gehienak zabaltzen dira istant batean unibertso digitalean... eta, bide batez, jakin ezazue aurtengo proposaturiko traolak hauexek direla: #51DA eta #bizitzekoaDA. Egitarauari dagokionez, Areto Nagusiaren ondoan habia itxurako domo geodesiko batean kokatuko da aurten ere Kabi@, kultura eta eduki libreen gunea. Hortxe egingo dute, esaterako, Wikipedia Maratoia abenduaren 2an. Kulturarekin harremana duten artikuluak baliatuz, parte-hartzaileek Wikipediaren funtzionamendua ezagutu eta bertan editatzen ikasiko dute. Ikastaro honetan gutxieneko euskara maila izatea beharrezkoa izango da, eta honako taldeei begira antolatu dute: esperientzia-geletako ikasleak, historiazaleak eta abar. Tailerra 16.00etan hasiko da.

Xalbador: Fernando Aire Etxart, Xalbador, zendu zenetik 40 urte bete direnean, haren lana plazara itzuli da. Bertsolari handi honen “Odolaren mintzoa” (Elkar) liburuaren berrargitalpenak –1976koa da– eta “Herria eta hizkuntza” (Elkar) disko bikoitzak interes berezia dute: lehenak, cd-liburu bertsioan osatuak, bertako 36 bertsoren lehen bi estrofak urepeldarraren ahotsetik aditu daitezkeelako; eta bigarrenak, bi cd dituenak, zuzenean erregistratutako hainbat bertso ere badakartzalako.

Yin eta yang: Bizitzaren alderdi eta gertakizun ororen bi indar osagarriak dira horiek Sortaldeko pentsaeran. Yin, lurra da, emea; yang, zerua, arra. Metafora hau Durangoko Azokara eramango bagenu, eta horretarako baimena  ematen badiguzue, yin kulturgintza bera dela esango genuke, egun hauetan sortu eta bideratzen den indar emankorra. Eta yang? Jaia, parranda, aisialdia, Durangokoa urtetik urtera askok eta askok egutegian gorriz markatuta daukagun hitzordua baita. Azokak horretarako balio izan baitu bere hastapenetik: euskararen munduak bat egiten du urtean behin elkargune honetan.   

Zoko orotan: Landako gunea da Azokaren bihotza, baina aurrean dagoen plazan kokatutako Olma fundizio zaharreko tximiniatik «sustraiak» aterako balira bezala, kulturgintzako hitzordu hau Durango osora zabaltzen da. Bizitza «soziala» alde zaharrean biltzen da batez ere, Goenkalen, Santa Maria elizaren inguruan, Santa Anako plazan.... Antzerkigintzaz gozatu nahi dutenek San Agustin kulturgunera jo dezakete, Szenatokia gunea bertan delako. Arte eszenikoak ditu ardatz espazio horrek, eta hainbat antzezlan eskainiko dituzte bertan. Gomendio bat: orain arte emandako emanaldietan sarrerak agortu ditu “Francoren bilobari gutuna”-k; beraz, abenduaren 6an izango diren birako sarrerak lortu nahi izanez gero, garaiz hartu beharko dituzue. Zinema ikusteko, bestalde, Ezkuriko Zugaza aretora jo. Abenduaren 4an estreinatuko da Irudienean, adibidez, Mirentxu Loyarteri buruz, hots, lehen euskal emakume zinemagileari buruz Iratxe Fresnedak filmatutako “Irrintziaren oihartzunak” dokumentala. Eta Plateruena kafe antzokian, aurten diskoa kaleratu duten bost talderen emanaldiak antolatu dituzte. Abenduaren 2an, Willis Drummond izango da; 3an, Zea Mays; 4an, Hesian; 5ean, Skakeitan; eta 6an, doako kontzertua emango du Bide Ertzean taldeak.