51. edizioa du Durangoko Azokak eta ostiraleko 10.00etan irekiko ditu ateak. Bi ordu lehenagotik euskal kulturaren topagune nagusiaren berri emateko programazio berezia eskainiko du Info7 irratiak.
8.00etan hasita Gerediaga Elkarteko ordezkariek emango dute azken prestaketen berri, herriko tabernari eta dendariek hartuko diote lekukoa. Izan ere, Durangoko Azoka azoka izateaz gain gertakizun handia eta bertako hostalaritzari halako jendetza jasotzeak nola eragiten dion aztertuko dute Kalegorrian saioan. Musikari eta idazle ugari pasako da, noski, Kalegorrian berezi honetatik. Bertan espero dituzte Elkarreko Anjel Valdes, Irati Jimenez idazlea, Katakrakeko Nerea Fillat, Willis Drummond taldekoak eta bi trikitilari belaunaldi, saioa isteko: Xabier Solano eta Huntza taldea.
Izen propio bat nabarmendu da Durangoko Azokaren atarian, Fidel Castro. Haren inguruko liburu dezente argitaratu ditu Txalapartak eta bertako Mikel Sotorekin landuko dituzte horiek eta baita aurtengo azokara daramatzaten berrikuntzak ere.
Saioaren erdi aldera, 10.00etatik aurrera, Azoka bere osotasunean ezagutzen saiatuko da Info7, hartara Landakoz gain sortuz joan diren gune horietako arduradun bana izango da. Ahotsenea, Gogoetaran plaza, K@bia eta Szenatokia dira horiek eta Lutxo Egia, Anartz Bilbao, Gorka Julio eta Itziar Elias, hurrenez hurren, horien arduradunak.
Zebrabidea berezia
Kalegorrian 13.00ak aldean amaituko da baina 16.00etatik aurrera berriz ere Durangoko berri jasotzeko aukera izango da Arrosa sareko irratiek elkarlanean ekoizten duten Zebrabidea magazinean. Euskal irratiekin elkarlanean, kasu honetan, bi orduz Durangoko Azokatik zuzenean ariko dira arratsalderoko magazinean.