@gara_miantzi
Durango

Asteburuarekin batera bisitariz betetzen hasi dira Landako barreneko zein kanpoko kaleak

Jai egunen hasierak jendea eta animazioa ekarri ditu Durangoko Azokara, bai barrenera eta bai inguru guztira. Ura soberan dago hemen kultur egarria asetzeko. Lanak sinatzen ari dira egileak, baita zaleekin argazkiak ateratzen ere. Kontzertuak, aurkezpenak, haurrentzako ipuin kontaketak... Eskaintza Landakotik harago doa: Szenatokia, Irudienea, Ahotsenea, Saguganbara, baita azoka alternatiboa, gaztetxea edo Euskal Denda ere. Alde Zaharreko kaleak ere prest dira besta hartzeko. Gauean, Zea Maysek disko berria aurkeztuko du Plateruenan.

Asteburuarekin batera jendetza gehiago nabari da Durangon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Asteburuarekin batera jendetza gehiago nabari da Durangon. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Gatibukoak eta atzo estreinatu zen 'Igelak' filmearen egile eta aktoreak zaleekin argazkiak atera eta atera ari dira. Patxo Telleria zuzendariak eta Gorka Otxoa protagonistaren papera egiten duen aktoreak sentsazio hagitz onak dituztela azaldu diote NAIZ-i. «Publikoari asko gustatuko zaion film bat da, gauza berri bat, ezohiko proposamen atsegin bat». Gai gogor bat lantzen dute era dibertigarri batean, komedia soziala eginez. Bertan, aktore bat gehiago da musika, bertzeak bertze Gatiburena.

Antzezle donostiarrak adierazi du «zorionez» beregandik hagitz urrun dagoela bere pertsonaia. «Eskrupulorik gabeko bankari bat da, korruptoa. Zoritxarrez halako gehiegi daude. Gertaera batzuen ondorioz, etxegabetuen talde baten barruan aurkituko du bere burua eta beste identitate batekin hasi beharko du bizitzen. Borrokan ibiliko da barruan daraman igelaren eta betiko eskorpioiaren artean».

Behin batean, eskorpioiak igelari laguntza eskatu zion erreka zeharkatzeko. Igela ez zen fio, eskorpioiek kosk egiten dutelako eta biak ito daitezkeelako. Halere laguntzen dio azkenean eta susmo txarrak betetzen dira. Zergatik?, galdetzen dio igelak, eta bertzeak erantzun: Eskorpioia naizelako! Metafora pertsonengana ekarrita, «bat putakumea da berez, bere naturan darama? Ala alda daiteke?», horixe da pelikularen tesia.

45 urteko ibilbidearen ondotik, kantari berri sentitu

Disko berria sinatzen ari da Pantxoa Carrere ere. Azokara iritsi berri harrapatu dugu. Hiru kantaldi eman ditu jada bakarkako ibilbidean (Doneztebe, Donostia eta Hendaian) eta datorren abenduaren 17an Ezpeletan abestuko du. Hagitz gustura dabil.

«Bakarrik aritzeak askatasuna ematen du kantak aukeratzeko, baita kantatzeko moldea eta musika ere. Nahi duzuna egiten duzu. Bikotean, aldiz, adostu egin behar duzu. Alde horretatik oso pozik nago. Kantari berri bat bezala nabil bikote gisa 45 urteko ibilbidea beteta. Etapa berri bat da nire bizitzan», agertu du.

Kantu berriz osatu du diskoa. Bi kantatan bere seme-alabekin abesten du eta gauza berezi bezala kontzertu batzuetan ere parte hartu dute. «Nire kapritxo bat zen», erran du kontent.

Toti Martinez de Lezearen ilarak mitiko bilakatu dira jada. Gaur ere lepo dago bere izkina. Tasio ere bere lanak sinatzen dabil, eta Xabi Solano, Patxi Zubizarreta... Ahotsenean ere, solasaldietan nahiz zuzenekoetan, artista eta entzuleen arteko harreman polita, intimoa sortzen da.