@gara_miantzi
Durango

Bizi-bizi, bisitariz ongi hornituta ekin dio Azokak hirugarren egunari

Egunaren hasierarako bete da Landako erakustazoka. Berdin Ahotsenea, Plateruena eta inguru guztia ere. Guda Dantzaren erritmora, girotxoa dago zuzenekoen karpan. Pintxoak eta edariak hartu, eta eguzkitan jaten ari da jendea. Erakustazokaren kanpoan, tximinia dagoen aldeko zelaian daude Altsasuko inauterietako pertsonaiak ere, trikitilariekin batera. «Altsasuko 11 gazte auzipetuta daude muntai polizial baten ondorioz», azaltzen dute, diru-laguntza eskatzearekin batera. Gaixorik dauden presoak askatzeko eskatuz ere elkarretaratzea antolatu dute hantxe bertan.

Landako, gaur goizez. Lehen planoan, Toti Martinez de Lezearen sinadura lortzeko ilara. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]
Landako, gaur goizez. Lehen planoan, Toti Martinez de Lezearen sinadura lortzeko ilara. [Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS]

Denetariko bisitariak ditu Durangoko Azokak. Felipe, adibidez, lehendabiziko aldiz etorri da Iruñetik. Ahotsenean harrapatu dugu, familiarekin batera Guda Dantzaren emanaldiaz gozatzen. «Aspalditik etorri nahi nuen eta azkenean lortu dut», dio. Hainbertze eskaintzarekin oraindik «galdu samar» dagoela aitortu du. Iritsi berri dira.

Landako barrenean, poltsak erosketaz kargatuta topatu ditugu, berriz,  Arantza, Garbiñe, Itsaso, Josebiñe eta Ane. Hendaia eta Zugarramurdiko lagun kuadrilla gaztea da. Garbiñek aurreneko aldia du euskal kulturaren plazarik handiena den honetan. Lagunek konbentzitu dute eta gustatu zaio. Hori bai, famatu gehiago ikustea espero zuen. Vendettakoak ikusi ditu. Baina Hesian-ekoak eta Gatibukoak ere hemen barna dabiltzala erran diote eta adi ibiliko da.

Plateruenaren kanpoaldean solasean ari dira Angelita eta Garbiñe ondarroar "salerosak". Urteroko hitzordua da eurentzat Durango, hagitz gustuko dutelako giroa eta sentimendu bat sortzen dielako barrenean. Gaur, gainera, bertze egiteko bat ere badute bertan, ordu batean deituta dagoen eri dauden presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea. Azokaren hastapenak ezagutu zituzten eta kontent daude indarra hartu duelako.

Euskal Herrian bi mundu gaude oraindik. Euskararen munduari bizkarra emanda bizi dira batzuk. Baina baikor azaldu dira ondarroarrak: «Haiek nahi baino lehen, guk nahi baino nekazago, lortuko dugu euskararen mundura erakartzea».