NAIZ
GASTEIZ

Adostutako defizit mugek ez dituztela jendearen beharrak asetuko adierazi du EH Bilduk

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun sailburuak eta Cristobal Montoro espainiar ministroak Madrilen defizit mugaren inguruan sinatu duten akordioa arbuiatu du, honek euskal herritarren beharrei ez diela erantzuten adieraziz, «Rajoyren beharrei baizik».

Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun sailburuak eta Cristobal Montoro espainiar ministroak Madrilen defizit mugaren inguruko akordioa iragarri ostean, «Jaurlaritzak ez dituela Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dituen aukerak baliatu euskal jendarteak dituen beharrak asetzeko» salatu du EH Bilduk.

EH Bilduko legebiltzarkide den Leire Pinedok gogorarazi duenez, «Nafarroan bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan defizit muga negoziatzeko eta adosteko aukera dugu, Kontzertuak berezitasun hori aitortzen digulako, erregimen komuneko autonomietan ez bezala». Hala ere, Azpiazuk ez duela hau baliatu  nabarmendu du. «Gure beharren araberako defizit muga negoziatu ordez, Azpiazuk Gobernu espainolaren irizpide orokorra ontzat eman du, besterik gabe.

Defizit muga honek euskal herritarren beharrei ez diela erantzungo gaineratu du, «Rajoyren beharrei baizik». «Horretarako ez zen beharrezkoa gaurko bilera, Montorori men egitea eta Gobernu espainolaren irizpidea, Estatu osoan aplikatuko duena, hemen ere aplikatzea ez baita ez negoziatzea ez adostea», adierazi du Pinedok.

Ñegebiltzarkideak azpimarratu du defizit mugak «ez duela gure herriaren errealitate ekonomikoa kontuan hartzen, espainola baizik, eta, beraz, ez ditu euskal jendartearen premiak behar bezala asebeteko».