NAIZ

Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak hasiko dira ostiral honetan Bilbon

Atxuri, Deustu, Santutxu, Abando, Abusu, Basurtu, San Inazio, Errekalde eta Castañoseko elizetan egingo dira Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak ostiral honetatik abenduaren 30era bitartean.

Bilboko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, lehenengo emanaldiak aste honetan izango dira. Hain zuzen, ostiral honetan, abenduaren 9an, Atxuriko Enkarnazio elizan, Lur Maitea Otxoteak ‘Otxoteszena’ ikuskizuna eskainiko du Otxarkoaga Abesbatzarekin batera, 19.30etatik aurrera.

‘Otxoteszena’ ikuskizuna Portugaleteko Nazioarteko Otxote Jaialdiaren ekoizpen berritzailea da, eta antzerkia, dantza eta musika uztartzen ditu. Lehen aldiz dantzak protagonismoa hartuko du otxoteen generoan, dantza klasikoa, folklorea eta garaikidea uztartuz, eta emakumea ere sartuz. Gasteizen bizi den Gabriel Gonzalez dantzari eta koreografo venezuelarrak sortutako koreografiak hainbat estetika eramango ditu taula gainera, dantza klasikoa, folklorikoa eta garaikidea lotuz. Berarekin batera Karla Pisano dantzaria eta Itziar Gutierrez eta Olga Martinez antzezleak arituko dira.

Programazioak larunbatean jarraituko du, abenduaren 10ean, arratsaldeko 20.00etatik aurrera. Bilbao Argia Otxoteak, Sanfran Korue abesbatzak eta Garaizarko Matxorriak taldeak kontzertua eskainiko dute Deustuko San Pedro eliza.

Ondoren, Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak Karmelo elizara, Jesuiten egoitzara, Abusuko Artzain Onaren elizara, Basurtuko Sortzez Garbiaren elizara, San Inazioko elizara, 5. parrokiara eta Errekaldeko Errosarioko Amaren elizara helduko dira, eta zikloa abenduaren 30ean bukatuko da, Castañoseko El Salvador elizan.