Gara

BATASUNA, ELKARTASUNA ETA HERRIARENGANAKO LOTURA

0. ATARIKOA

Ezker abertzalearen ABIAN prozesuaren ondotik EPPK-k bere ildoa, dinamika eta antolakuntza berritzeko helburuz hausnarketa prozesu bati ekin dio.

Abiatu aitzinetik badakigu hausnarketa-prozesu hau baldintza zailetan burutuko dugula, aurretik egin diren eztabaida guztiak bezala, izan ere, Kolektiboari beti ukatu eta oztopatu izan baitzaio eztabaida kolektiborako aukera oro. Gure iritziz, Kolektiboak Euskal Herriaren askapen borrokan betetzen duen lekua garrantzitsua da bi zentzutan: batetik, bere borroka ekarpena erreferente nagusietakoa izan delako; eta, bestetik, bere partaideak Estatu etsaien eskuetan bahituta egonik, betidanik erabili nahi izan dutelako Kolektiboa askapen prozesuari kalte egiteko.

Horretaz erabat jabetzen garelarik, burutu beharreko hausnarketa-prozesu honen garrantzia tamaina berekoa dela dakigu. Duela bost urte ETAk borroka armatua uztearekin zabaldu eta ezaugarritzen den fase politiko berrian, presook eta gure ingurune hurbila erabili nahi izan gaituzte Estatuek gatazka gainditzeko prozesuan harriak jartzeko eta ETAren erabakiaren onuradun nagusi ager zitekeen Ezker abertzalearen indartzea oztopatu eta baita beronen baitan zatiketa eragiteko. Horrela eta ez bestela uler daiteke urteotan kartzeletan bizi dugun egoera, eta, beste maila batean, gatazkaren ondorioak gainditze bidean, kaltetu ororen ezagutzaren aldeko ildoan sakontzen zen bitartean, Ezker abertzalearen baitan preso politikoon inguruan ildo argi eta eraginkor bati indarra emateko orduan izandako eztabaida eta zailtasunak.

Bestalde, Estatuen jarrera itxiaz, errepresioaren eraginez presoen eskubideen eta kaleratzearen aldeko dinamika sozialaren ahultzeaz eta Ezker abertzalearen estrategiaren garapen ezaz zein zalantzez gain, giltzarria izan da hainbat eragilek gure eta gure senide eta lagunekiko izan duten jarrera zeken eta gupidagabea, presoon askatasunak eta independentzia prozesu baten aitzindaritza Ezker abertzalearen eskuetan egoteak beren interes politiko eta ekonomikoak arriskuan jartzen zituelakoan.

Bost urteko trantsizio luzea igaro da Ezker abertzalearen baitan berriro ere ildoa argitu eta duela bost urte irekitako bidean aurrera egiten hasi bitartean. Bost urteotan kartzeletako eremuan aldatu eta gertatu direnak oroitu behar ditugu arin-arin bada ere (Ikus “Kolektiboaren ibilbidearen laburpena” txostena EPPK-k bizi izan dituen aldi desberdinen argigarri).

 

 

1. 2011/2016

– Euskal Herria Zutik!

Ezker abertzalearen estrategiaren aldaketa burutzeko orduan, Kolektiboko kideok zailtasun handiak izan genituen –erabateko ezintasuna ez zenean– garaiko hausnarketa eta eztabaidetan parte hartzeko. Hartara, Ezker abertzaleko zenbait sektoretan aldaketaren funtsa eta mamia barneratzeko zailtasunak izan baldin baziren, beroriek are eta handiagoak izan dira kartzeletan. Hori horrela izanik ere, eta ziklo berriari buruzko eztabaida patxadatsua egiteko aukera izan ez bada ere, Kolektiboak, zailtasunak zailtasun, prozesu independentista berrituari bere ekarpenak egiten jarraitu du. Izan ere, EPPK-k betidanik hartu ditu kontuan bi irizpide nagusi testuinguru historiko bakoitzean bere ekarpen politikoa egiteko orduan: batetik, bere barne-antolakuntza eta kohesioa; eta, bestetik, Ezker abertzalearen proiektu askatzailearen beharrekiko atxikimendua.

 

– Ezker abertzalearen ekimen eta diskurtsoak

Hartara, zenbait urratsek edo, zehatzago esanda, urrats horiek egiteko kudeaketak kontraesanak ere eragin zituen, modu eta era ezberdinetakoak. Hala, batzuentzat erabaki batzuek ez zuten behar besteko eztabaida eta parte-hartzea izan, eta beste batzuentzat, berriz, Kolektiboa berandu ere ibili zen berez aldekotasun handia zuten erabaki horiek hartzeko eta gauzatzeko orduan. Nolanahi ere, zorionez, Kolektiboak Euskal Herrian eraikitzen ari zen egoera politiko berria babestu zuen berebiziko garrantzia zuten urratsekin. Zoritxarrez, aldaketek sortzen dituzten arazo eta ezinegonen gainean igurtzi dute Estatuek eta preso politikoon eskubideen defentsan uzkur eta are erasokor aritu diren eragileek, Kolektiboak gatazkaren konponbidean egindako urratsei beren exijentzia gero eta zorrotzagoz erantzunez: barkamena, autokritika eta damua exijituz, “planak” aurkeztuz, ukoak pilatuz eta lehendik gogorra zen kartzela egoera gogortuz. Borroka armatua indarrean zegoenean baino gupidagabeago agertu nahi izan dira Estatuak, hastapenean aipatu helburua lortzeko asmoz: EPPKren eta Ezker abertzalearen baitan zatiketa eragin asmoz. Egoera hori larriagotu egin da, batetik, Ezker abertzalearen erabaki estrategikoarekiko desadostasunean presoon egoera eta etorkizuna ikurtzat hartuta sortutako antolakundeen ekimenez; eta, bestetik, Estatuaren errepresioaren ondorioz, Ezker abertzaleak presoon eskubideen defentsan agertutako arazo eta ezintasunengatik. Ezker abertzaleak, eta bere baitan EPPK-k, ez duelako, ez dugulako jakin izan Estatuaren estrategia gainditzen saiatzeko iniziatiba egituratzen, eta Estatuaren errepresioa eta jazarpena etengabea izan delako presoen eskubideen eta etxeratzearen aldeko dinamika sozialarekiko.

Guztiarekin, EPPK-k, kide bakoitzaren kontraesanak kontraesan eta zalantzak zalantza, Euskal Herrian ireki den garai politiko berriaren bultzadan subjektu aktibo izanez, arduraz, eskuzabaltasunez eta uneak eskatzen zuen heldutasun politikoz bat egin du Ezker abertzaleak bere osotasunean ontzat eman duen ildoarekin.

 

– Kolektiboaren antolaketa berria

Egoera berriari erantzuteko asmoz, eta hasiera batean presoon atala Aieteko Adierazpenean esan bezala Estatuen parte-hartzearekin konponbidean jarriko zela pentsatuz, EPPK-k bere burua antolatzeko urrats berria eman zuen, bi Estatuetako kartzeletan zeuden hamarna kide ordezkari gisa hautatuz, eta horietako sei mintzakide. Bestalde, gizarteko antolakunde abarrekiko harremanak errazteko Bitartekari Talde bat antolatu genuen.

Kolektiboak bere burua konponketa eta bake prozesu baterako prestatu bitartean, Estatuek erabakia zuten ordura arteko ildoan ez zutela aldaketarik egingo. Horrek are babesgabeago utzi gintuen. Ordura arte gutxitan bezala kolpatuak izan baitziren presoon eskubideen aldeko antolakunde eta elkarteak (Herrira, Bitartekari Taldea, abokatuak, Jalgi Hadi elkartea...). 2012ko urtarrileko manifestazio erraldoiaren irudia desagertzea eta presoon aldeko babesa urtzea zen helburu, Euskal Herriko politikari batzuen nahia bete zedin: euskal jendartea presooz “ahaztea”. Mehatxu gisa agertzen zen iragarpen horren eta Estatu espainiarraren immobilismoaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzatik bere plan eta eskaintzak helarazi zizkigun, banan-banan eta Kolektiboaren antolaketa errespetatu gabe.

Hartara, EPPK-k bere ordezkaritza hautatu osteko lau urteotan oso bakanak izan dira Kolektiboak aurrera eraman ahal izan dituen ekimen bateratuak. Eta behin baino gehiagotan, guk eta gure hurbilekoek jasandako erasoak behar bezalako erantzunik gabe geratu dira, edota kartzela bakoitzeko batzarraren erabakiaren menpe: senide eta lagunek izandako istripu larriak, Arkaitz Bellon burkidearen heriotza, kide izendatu batzuk kartzela administrazioen eskutik jasan dituzten eraso berezituak, larriki gaixorik dauden kideen egoera lazgarria eta abar.

 

&zeroWidthSpace;– Kolektiboaren ekimenak

Hala ere, EPPK-k urteotan burutu ahal izan ditu ekimenak. Bi aipatuko ditugu: lehena, Josu Uribetxebarria “Eperraren” askatasunaren alde aurre-antolaketarik gabe eta Kolektibo osoaren parte hartzearekin burututako borrokaldia; bigarrena, egoera berriari erantzuteko Kolektiboak burututako eztabaida, 2013ko abenduaren 28ko Adierazpenean gauzatu zena (ikus “Adierazpena”).

ETAk borroka armatua uzteko erabakia jakinaraziz geroztik artean urtebetea igaro ez zenean, Eperraren askatasunaren aldeko borrokak gure kidearen askatasuna lortu bazuen ere, orduz geroztik Estatuek gaixo dauden presoen kontrako politika bereziki krudela garatu dute, kaleratze oro oztopatuz eta are gaixo zegoen Ibon Iparragirre kartzelatuz ere. Mezu argia igorri zion Estatuak EPPKri, Ezker abertzaleari, presoon aldeko elkarteei, euskal jendarteari eta baita euskal gatazkaren konponbidean laguntzeko hurbildutako nazioarteko eragileei: Estatu espainiarra ez da gai “humanitarioetan” ere mugituko.

Aldiz, Kolektiboak 2013ko abenduko adierazpenarekin emandako urratsari dagokionez, Estatu espainiarraren errepresioa izan zen urratsa indargabetu zuena, EPPKren ekimena beharrezko eta ezinbesteko zuen gizarte babesik gabe gelditu baitzen.

Esan bezala, izan dira bestelako borrokaldi eta ekimenak, kartzeletako batzarrek aurrera eramandakoak eta ohiko erantzun dinamikan kokatutakoak ere (barau, bazka-errefusa, itxialdi...).

Hala ere barrura begirako hausnarketa egiterakoan Kolektiboak oro har eta gutako bakoitzak militante bahitu garenez geroztik iragan urteotan izandako jarrera eta dinamikari buruzko hausnarketa autokritikoa ere egin behar dugu.

Azkenik, aurten, Abianek kartzeletara egindako martxekin batera, EPPK-k astebeteko borrokaldia antolatu du Lorentxa Gimonen askatasunaren alde.

Hain zuzen ere, Abian prozesuarekin eman zaigu EPPK-ko kideoi Ezker abertzaleko eztabaida prozesuan parte hartzeko aukera, gauden egoeran horrelako parte hartzeak dituen zailtasunak gainditzeko ahalegina eginez.

 

2. EGOERA

Kartzeletako egoerari dagokionez, borroka armatua amaitu osteko zikloan gutako bakoitzak bizi duen egoera subjektiboa oso garrantzitsua da Kolektiboak bizi duen egoera ulertzeko: egunerokoan gu politikoki suntsitzeko fisikoki eta psikologikoki zanpatzen gaituen etsaiaren eskuetan egonik, babesgabetasun handiagoa bizi baitu EPPK-ko kidegoak. ETAren erabakiaren osteko lehen hilabeteetan presoak kaleratzeko bultzada herritarra handia izan bazen ere, ezarian Estatuen immobilismoak eta errepresioak, Euskal Herriko eragile batzuen inboluzioak edota absentismoak eta Ezker abertzaleko erakundeek errepresioaren ondoren antolakuntza mailan adierazten zuten ahultasunak, Kolektiboa bere osotasunean informazio gabe, ekimenik gabe eta gertaera larrien aurrean ziklo politiko berrira egokitutako zer nolako erantzuna eman jakin edo asmatu gabe utzi du.

Horrekin batera, azpimarratu behar da preso politikoon kopurua ia erdira jaitsi dela. Horrek ez du ekarri sakabanaketaren txikiagotzea, ez bada justu kontrakoa, sakabanatuta gaituzten kartzela kopurua bere horretan mantendu delarik (kartzela batzuk euskal presoz hustu direnean berriak ireki dituzte), kartzela bakoitzeko preso kopurua apaldu egin da kide asko bakartzearen mugan daudelarik eta, bestalde, kartzela barneko modulu eta dibisiotako sakabanaketa mantendu edo zorroztu egin da. Horren guztiaren ondorioz, kidegoaren dinamika politikoa (hezkuntza eta eztabaida) kaltetuta gertatu da, noiz eta ziklo aldaketak inoizko beharrik handiena zuenean.

Bestalde, eragile desberdinek presoon eskubideen alde edota gure eskubideei buruz egindako ekimen eta hausnarketek ez dute izan Kolektiboarekiko beharrezkoa litzatekeen harremana, EPPK osatzen dugun militanteon eta Ezker abertzaleko antolakunde eta kaleko dinamikaren arteko tartea handituz. Beharko litzatekeen komunikazio eta harremana oztopatua izan da Estatuen errepresio eta jazarpenaren eraginez. Horrelako egoerek haserrea, inkomunikazioa eta pasibotasuna eragiteko arriskua dakarte.

Txosten honetan azaltzen ari garen egoera horrek guztiak izan du ondoriorik. Ez bakarrik kide bakoitzak une politikoa bizitzeko orduan eskura dituen hausnarketa elementuen urritzeak sortu duen zailtasunarena, baina gainera, ETAk hartutako erabaki estrategikoarekiko funtsezko desadostasuna oinarritzat hartuta, ziklo politikoaren irakurketa guztiz bestelakoa egiten duen sektore zehatz batek presook ikurtzat hartuta egin dielako aurre Ezker abertzalearen erabaki nagusiei.

Alde batera utzita egoera politikoari buruz talde horiek duten irakurketa politikoaren inguruko balorazioa, ez baita hori txosten honen gaia, talde horiek EPPKren egiturak aintzat hartu gabe Kolektiboaren baitan eragin dute urteotan eta kidegoaren artean ematen diren kezkak erabili Ezker abertzalearen ildoari eraso egin eta hartutako erabakiak zalantzan jartzeko. Horrela, tamalez, hainbat kidek kartzelan bertan Kolektiboa uzteko hautua egin dute, eta beste hainbat kide ohik kaletik ere Ezker abertzalearen ildoa zalantzan jartzen dutenei babesa eman die.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi EPPK-k hartu beharko lukeen ildoari buruzko hausnarketak egiteko baldintzek (informazio gabe, zikloaren aldaketa ulertu eta barneratzeko zailtasun eta ezintasunekin, babes-egituren laguntzarik gabe...) ez dutela eragin baikorrik izan Kolektiboak burutu beharreko hausnarketa-prozesuari begira.

Azkenik, egoeraren irakurketa hau bukatzeko, berria ez bada ere, elementu bat azpimarratu nahi dugu, hain zuzen ere, ziklo berriari begira berebiziko garrantzia duelako: gutako bakoitzaren egoera juridiko desberdina. Ez soilik kondenei dagokionez, baizik eta zigortu gaituzten lege frantses edota espainiar eta bakoitzeko kode penalei dagokionez. Garrantzia du, datorren atalean zabalago aztertuko dugun bezala, kartzelei dagokionez gatazkaren gainditzea, Aieteko Adierazpenak aholkatu eta ETA erakundeak agertu borondatearen kontra ez baita emango oraingo egoeran aldebiko mahai baten inguruan. Horrek eta prozesu independentistaren indarberritzeak, EPPK-k eta oro har kartzelako arloak koiuntura berrian prozesuan bete beharreko zereginaz hausnartu, eztabaidatu eta erabakitzera eraman gaitu; hain zuzen ere txosten honen mami nagusi dena.

 

 

3. PRESO POLITIKOON ZEREGINA PROZESUAREN ALDI BERRIAN

 

ETAk borroka armatuaren aldiari amaiera eman ostean eta Estatuen immobilismoa eta itxikeria erabatekoa konstatatu eta gero, historikoki EPPK-k eta kartzela fronteak bete duen funtzioari buruzko hausnarketa abiatu zuen Kolektiboak. Neurri batean, Foro Sozialak eskatutakoei erantzunez 2013ko abenduaren 28ko adierazpenean zehaztu genituen ildo berriaren ardatz nagusiak. Arestian esan bezala, ildo hori herren eta gauzatze bidean gelditu zitzaigun, atalik garrantzitsuena zen jendartearen inplikazioa bultzatzeko gaitasunik ez genuelako izan.

Gatazka armatua gainditzeko negoziaketa politikoaren bidea nagusi izan zen garaian, kartzelako fronteari eta bereziki kartzelei erresistentzia funtzioa egokitu izan zitzaion, ezinbestean. Aurreko hamarkadetan, Kolektiboaren baitako eztabaida guztiek mahai gainean izan dute kartzelari begirako bestelako jokamolde eta jokabide batzuk barneratzearena. Aldi bakoitzean, EPPK-k gehiengoz ebatzi izan du, erresistentzia zurrunena ez zen beste edozein ildok Kolektiboaren apurketa zekarkeela, eta batez ere, kidegoa kartzela administrazioaren aurrean biluzik eta babes gabe utziko zukeela, azkenerako, legediak eskainitako aukeren xantaia pean bere militantzia politikoa indargabetuz.

Ez dugu ahaztu behar, kartzeletako damutzea izan zela 80. hamarkada hasieran Estatu espainiarrak Ezker abertzaleari aurre egiteko erabili zuen tresna nagusi bat. 87-89tik aurrera Estatu espainiarrak PNVren oniritzi eta lankidetzarekin preso politikoon eta gure hurkoen aurka gaur egun oraindik amaitu ez den sakabanaketaren zigorra erantsi ziotenean deserriratzeari, kartzelari aurre egiteko moduen inguruko eztabaida errotik ezindu zuten. Martutene edo Langraizera “igotzen” zutenaren inguruko oinarririk gabeko susmoak hedatuz eta Salto del Negro edota Ceuta eta Melillako kartzeletako suntsitze-politikak eskainiz hautabide gisa.

Edozein izan delarik egoera, EPPK-k beti bilatu izan du, eta inoiz eskertu ahal izango ez duen moduan jaso ere, herritarren eta herri sektore zabalen babesa, alderdi politiko eta bestelako eragileengandik jasotakoa askogatik gainditzen duena, etengabea izan dena trantsizio garaietatik. Presoon inguruan antolatutako mobilizazio eta ekimenak zenbatu ezinak eta neurtu ezinak dira. Zentzu horretan, edozein izan delarik Euskal Herriko borrokak bizitako une politikoa, presook beti sentitu dugu gure burua herritarrengandik babestuta. Badakigu presoon aldeko ekimenetan ez zaiola begiratu izan eragilearen izenari, ekimenaren helburuari baino, eta horregatik zaigu hain mingarria presoon aldeko ekimen zatituen berri dugunean. Eta jakin badakigu, gure minaren neurri berekoa izango dela Estatuaren poza, neurri batean lortu duelako urte luzetan bilatutako zatiketa.

Jakitun izan gara ere, kaleko jendeak eta are gure hurkoek maiz ezin izan dituztela ulertu Kolektiboak bere osotasunean hartutako erabaki gogor edota zurrun batzuk. Kartzela administrazioak gutako bakoitza xehatzeko erabiltzen duen tresneria suntsitzailearen izaera azaltzeko ezintasun handia izan dugu. Kartzelaren eguneroko zanpaketak hiru mailatan eragiten dio preso bakoitzari: pertsona gisa, kide gisa eta militante gisa. Horrek bere buruarekin etengabeko borrokan jartzen du, norberaren egoera pertsonala, kideen arteko elkartasuna eta helburu politikoekiko leialtasuna, hirurak koherentziaz bat egitea eskatzen baitio, ahalegin erraldoi eta etenik ez duen batean.

Horregatik, neurri handi batean esan dezakegu ETAk arma bidezko borroka utzi zuen unean garaile argi bat izan bazen, berau Euskal Preso Politikoen Kolektiboa izan zela, kanpaina armatuaren amaierara osorik eta burua tente iritsi zelarik.

Garaile bai... baina kartzelan. 2011ko urriaren 20tik aurrera EPPKren erresistentzia-funtzioa amaituta, bere zeregina Kolektibo bezala kartzela hustera mugatuko zela pentsa genezakeen, Estatuek eta ETAk aldebiko mahai batean erabakiko zuketen modalitate baten arabera.

Ez da hala gertatu, eta kartzeletako burkideen kopurua erdira jaitsi bada ez da izan Estatuen borondateagatik. Kartzelak beteta, presoak sakabanatuta eta deserriratuta mantentzea izan da ziklo berriari erantzuteko orduan Estatuek adostutako estrategiaren gako nagusietako bat, Ezker abertzalearen baitan zatiketa eragiteko eta abiatu beharreko prozesu independentista oztopatzeko.

Ezker abertzaleak planteatutako ekuazioa, aurrena gatazkaren ondorioak konpondu (presoak, armak, kaltetuak) eta ondoren prozesu independentistari ekin, ederki baliatu dute Estatuek. Kartzelako atala blokeatuz ETAren erabakiaren ostean zabaltzen zen aukera politikoa lokazteko giltza hartu zuten eskuetan. Eta hori da guzti honen funtsa: Euskal Herriaren askapen prozesuaren aurrera egitea edo ez.

Hartara, bost urteotan bai Euskal Herri osoko, bai Euskal Herria zatituta eta bananduta dagoen eremu bakoitzeko eta baita menpean gaituzten Estatuetako egoera politikoa irauli egin da, duela bost urte inork pentsa ez zezakeen moduan. Baina Frantziako eta Espainiako kartzelak oraindik ere euskal preso politikoez beteta daude, hau ere duela bost urte inork pentsa ez zezakeen moduan. Horregatik EPPK-k askapen prozesuan bete beharreko zeregin berriari buruz hausnartu, eztabaidatu eta erabaki behar du.

 

Prozesu politikoari begira, ondokoak dira eztabaida bidez erantzun eta proposamenez aberastu behar ditugun oinarrizko galderak:

– Nola lagunduko dio Kolektiboak gatazkaren gainditzeari? Zer ekimen burutu behar ditu berau errazteko?

– Nolako harremana izango du Kolektiboak gatazkaren gainditzearen alde eta prozesu independentistaren alde ari diren antolakunde eta norbanakoekin?

– Nola izango da gutako bakoitza prozesu independentistaren bidaide? Zer ekarpen egingo diogu? Nola hartuko dugu parte ekimenetan?

 

Eta ekarpen eta hausnarketak hiru norabidetan egin beharko ditugu:

– Kolektibo gisa.

– Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan kartzelan bahituta dagoen Ezker abertzaleko kide gisa.

– Euskal herritar gisa.

 

 

4. ILDOAREN BERRITZEA: batu, herriratu, kaleratu

 

Hausnarketa prozesu honen helburu nagusia ildoa berritzea da. Horregatik, batzarretan ahalegin berezia egin behar dugu aurrera begira ildoaren hiru ardatz horietako bakoitzean sakontzeko, Kolektibo gisa eta kide gisa zer ekarpen eta borroka-ildo garatu dezakegun proposatuz. Oinarrizko txosten honetan ez dira aipatzen ildo berri honek zabaltzen dituen aukerak, horixe izango baita, abiapuntua ontzat ematen bada, eztabaidatu eta zehaztu beharrekoa ondoren azaldutako irizpideen arabera.

EPPKren ildoaren berritzearen beharraz aritu gara. Azaldu dugu ere zergatik berritu behar dugun ildoa. Eta aditzera eman ere, zergatik orain ontzat eman ditzakeen Kolektiboak duela bost urte arte ontzat ematen ez zituen hainbat jokabide.

Baina aipatu dugun inkomunikazio egoeraren ondorioz aldaketa horiek ez dira eman modu ordenatu batean. Eta ez dira desagertu aurreko fasean Kolektiboak antzematen zituen arriskuak. Estatuen helburua ez delako aldatu: presoa xehatzea eta Euskal Herriaren askapen prozesua kartzeletan (ere) oztopatzea.

Horregatik, EPPK-k 2013ko abenduaren 28ko adierazpenean marraztutako ildoa eraginkor izateko ezinbesteko zaigu herritarren babes eta makulua edukitzea, eta eragile sozial, politiko, sindikal eta instituzionalekin ere era partekatuan aritzea: egingo dugun urrats bakoitzak herritarren ezagutza, ulermena eta babesa behar du. Pertsona eta militante sartu gintuzten kartzelara, eta hala nahi dugu atera bertatik, sektore zabalen parte-hartzearekin eta herritarren laguntzarekin.

Baina herritarrekin batera egin nahi dugun bide honek ezinbesteko bi baldintza behar ditu ere: presoon arteko elkartasuna eta Kolektiboaren batasuna. Bi oinarri horiek gabe, ezinezkoa izango zaio gutako bakoitzari egin beharreko urratsak gure burua ukatu gabe ematea.

Ez dugu ahaztu behar Estatuak Kolektiboaren ildo berria oztopatu eta indargabetzen arituko direla neke gabe, eta horregatik beharrezkoa izango zaigu malgutasun handiz jokatzea, egindako urratsak eta erabakitako ekimenak ez daitezen bilaka abiatu bidean oztopo berri.

Kolektiboak kalera bidean ezinbesteko duen beste eragile bat da nazioarteko komunitatea, bereziki aplikatzen zaizkigun legedietan Estatuek egiten dituzten amarruak gainditzeko. Baina ez dugu inoiz ahantziko nazioartetik ez dela etorriko Euskal Herrian egiten dugun lanaren oihartzuna baino.

Esan bezala, 2013ko eztabaida norabide berri baten abiapuntua izan zen, ildo judiziala ez da etxeratzeko estrategia eraginkorraren osagai bakarra, are gehiago, bere garapena diseinu politiko, instituzional eta sozialarekin lagundu behar da, aukerak zabaltzeko. Esparru juridikoak konfrontazio esparru izaten jarraituko du eta ildo berriak bere funtzio politikoa berritu eta eraginkor bilakatzea du helburu, jakinda Estatuek beren jarrera aldatzen ez duten bitartean kontraesanak pilatuko dituztela eta Euskal Herriaren eta Espainia eta Frantziaren arteko aldentzean sakonduko dutela. Estatuek gatazkaren ondorioak gainditzeari uko egiten diote, ondoren gatazkaren arrazoiei heldu beharko lieketelako. Prozesu independentista abian jartzeak preso politikoon izaera eta funtzioa aldatuko du, nabarmenduko delarik Estatuek bahitu politiko gisa atxikitzen gaituztela Euskal Herriaren askatasuna oztopatzeko.

 

Ildo berriko hiru ardatz nagusiak hauek izango lirateke:

– Sakabanaketa amaitzea, Kolektiboa batuz.

– Deserriratzea amaitzea, Kolektiboa Euskal Herriratuz.

– Espetxeak hustea, kideak kaleratuz.

 

Eta ildo horretan emandako urrats oro ontzat emango luke EPPK-k, beti ere, kidegoaren adostasun eta elkartasunez, eremu herritarren laguntasunez.

Beraz, ontzat emango genuke, batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro; batzea partziala izanda ere, hurbiltzea Euskal Herriratzea ez izanda ere, kaleratzea behin betikoa ez izanda ere. Eta beti ere, urruntzea eta sakabanaketarekin amaitzeko erreferentzia gisa, Estatu espainiarrari begira Zaballako kartzela eta Estatu frantsesari begira Mont de Marsanekoa aldarrikatuz.

Eta ondorioz, txartzat joko genuke eta aurre egingo genioke borroka eginez, bakartze orori, urruntze orori eta espetxeratze orori. Kidegoaren adostasuna eta herritarren eta eremu sozial, sindikal, politiko, instituzionalaren babesa bilatuz ekimen guztietan.

Bai bateko bai besteko ekimen ororen ezinbesteko bi baldintzak, bai borrokaldiak eta bai bide-juridikoan eman beharreko urrats berriak, kidegoaren adostasuna eta herritarren babesa izango lirateke.

Presoak eta iheslariak etxeratzeko ahaleginak eta bi egiteko erabakia irmoki hartu behar da Euskal Herrian, halaxe nabarmendu du Ezker abertzaleak Abian prozesuan, eta gure ildoa horren arabera zehaztu behar dugu. 2013ko gure eztabaida ere norabide berri baten abiapuntua izan zen eta zentzu horretan garatu behar dugu orain. Kartzelak husteko estrategiak borroka zein diseinu politikoa, instituzionala, soziala eta juridikoa behar ditu, aukerak zabaltzeko eta Estatuaren posizioa pitzatzeko.

Testuinguru orokor horretan, preso bakoitzaren egoera juridikoaren arabera ildo juridikoan aukera desberdinak egongo dira. Proposamena kolektiboki ontzat ematen bada, norbera izango da ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heltzea edo ez erabakiko duena, preso bakoitzak erabakiko du egin daitezkeen eskaera edo bide legal ezberdinei (erredentzioak, kartzela destinoak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, etab) heltzea edo ez heltzea, eta horretan, ildoa kolektiboki onartu denez, taldearen babesa eta laguntza izango du une oro kide horrek. Hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua.

Ildo berri hau aurrera eramateko orduan gure buruari jarritako mugak damutzea eta salatzea izango dira.

 

 

5. ANTOLAKETA

 

Esan bezala, 2011z geroztik Kolektiboa erdira murriztu da. Garaian hautatu genituen ordezkari eta bozeramaileetako batzuk kalean daude. Kaleko eragile eta antolakundeekin harremanetan jartzeko Bitartekari Taldea deseginda dago.

Hausnarketa prozesu honi amaiera emateko eta egoera berriari aurre egiteko, alegia gatazkaren konponbidean eta prozesu independentistaren bidaide izateko, Kolektiboak bere barne-egituraketa eta kanpora begirako lotura aldatu eta berritu beharko ditu.

Barne-egituraketari dagokionez, ordezkari eta bozeramaile berriak hautatu beharko ditu.

Kanpora begirako loturari dagokionez, EPPK-k bere burua izaera autonomoa duen kolektibotzat dauka, antolakunde anitzetako kidez osatuta dagoena. Zentzu horretan, nahiz eta bete-betean egiten dion men Ezker abertzaleak adostutako ildo politikoari, Kolektibo gisa bere mintzakidetza eta ahots propioa izango du dagozkion gaietan. Ziklo berri honetan, EPPKren binkulazio politiko eta organizatiboa Ezker abertzalearekiko eta proiektu independentistarekiko ezinbestekoa eta zuzena da, ez dagoelarik inongo antolakunde ez erakunderen menpe.

 

 

6. HAUSNARKETA-PROZESUAREN IRIZPIDE NAGUSIAK Hauek izango dira hausnarketa-prozesuaren irizpide nagusiak:

 

• Publikoa eta gardena: Kolektiboak deus gordetzeko ez duenez, hausnarketa-prozesuaren mamia publikoa izango da. Honekin ez dugu esan nahi preso politikoon iritzi oro publiko egingo denik. Eztabaida Kolektiboaren barruan eta batzarretan emango da eta ez komunikabide edo antzekotan.

• Ezker abertzalea garatzen ari den estrategiaren baitan: Kolektiboak Ezker abertzalearen estrategiari egingo dion ekarpen gisa burutuko da. Ez da estrategia politiko orokorrari buruzko eztabaida, horren kokagunea preso bakoitzaren erakundea baita.

• Kolektiboaren baitan argipena ematea helburu: urteotako nahaste eta paralisiaren ostean, Kolektiboa askapen prozesurako aktibo bihurtzeko.

• Parte hartzeko eskubidea eta betebeharra EPPK kide orok du. Gainera, azken aldian bere burua EPPKtik kanpo kokatu dutenek eztabaida prozesu honetan parte hartzeko atea zabalik izango dute, besteok bezalaxe Kolektiboaren arauak, hausnarketa-prozesurako irizpideak eta eztabaidari zor zaion leialtasuna onartzen badituzte.

• Batzarra eztabaidarako eta ekarpenerako gunea, eta kidegoa erabakiaren subjektua. Txostenaren eztabaida batzarrean garatuko da, eta egiten diren ekarpenak, galderak eta dena delakoak bertan jasoko dira. Garatua izan ahal izateko, ildo berritua jasotzen duen oinarrizko txosten honek kidegoaren oniritzia beharko du. Horretarako “preso bat, bozka bat” printzipioari segituko zaio.

• Txostenak kidegoaren oniritzia jasotzen badu, batzarretan azaldutako eta ildoarekin bateragarriak diren ideiak eta irizpideak jasoko dira, aurrera begirako ildoa markatuko duen behin betiko txostena osatzeko.

• Azken erabakiak eta mezua jasoko lukeen ebazpen bat aurkezteko eta bozkatzeko aukera baloratuko da, jasotako ekarpenen eta sortutako egoeraren arabera.

• Kolektiboko ordezkari orokorrak eta kartzela bakoitzeko ordezkariak hautatzeko orduan, bozka bidezko sistema erabiliko da, “preso bat, bozka bat” printzipioa aplikatuz.

• Oinarrizko txostena errefusatua baldin bada, argudio nagusiak bildu eta txosten berria egin, eztabaidatu eta erabaki beharko da.

 

 

7. AZKEN HITZA

Aieteko Adierazpenean presoen gaia ETAk bere gain hartu bazuen, gaur egun, halako aldebiko negoziaketaren zantzurik ez dagoenean, EPPK-k bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan, herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe jartzen du, preso guztion askatasuna Euskal Herriaren askatasunarekin lotuz.

 

 

EPPKren Zuzendaritza

Euskal Herria bihotzean, 2016ko azaroan