NAIZ
EIBAR

Altunak erabaki du Ezkurdia eta Merinok agindutako partida (22-18)

Ia neurketa guztia atzetik egin badute ere, bigarren puntua eskuratu dute Altuna eta Barriolak Ezkurdia eta Merinoren aurka Eibarko Astelenan jokatu duten partidan. Hiru jardunaldi geldirik egon ostean, joko izugarriarekin itzuli dela erakutsi du Amezketako aurrelariak.

Altuna izan da lau pilotarien artean hoberena. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Altuna izan da lau pilotarien artean hoberena. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldiko neurketa jokatu dute arratsalde honetan Altuna-Barriola eta Ezkurdia-Merino bikoteek Eibarko Astelena pilotalekuan, norgehiagoka ikusteko leporaino bete den kantxan.

Parean atera da dirua, baina gaurkoan galtzaile suertatu direnek hartu dute aurre markagailuan. Hala, 4-10 erakutsi du markagailuak Barriola aldageletara erretiratu denean, botalarriarekin nonbait. Hortik aurrera bestelako itxura hartu du neurketak.

Jokoaren pisua hein handi batean galtzaileek eman badute ere, Altunaren inspirazioak erabaki du neurketa. Hiru aste geldirik egon ostean -belauneko lesio bat medio-, joko izugarriarekin itzuli dela erakutsi du Amezketako aurrelariak.

Hala, neurketa une erabakigarrietara gerturatzearekin batera erakutsi du amezketarrak bere errepertorioaren hoberena, Ezkurdia pilota errazak galtzen hasi den une berean.

Azkenean, 22-18 Altuna Barriolaren alde. Txapelketako bigarren puntua eskuratu dute modu honetan, gaurko aurkariek dituzten puntuak berdinduz.