NAIZ
GIJON

Akatsetan arrantzan egin eta hiru puntuak eskuratu ditu Eibarrek (2-3)

Neurketa eroa izan da Sporting eta Eibarrek Gijonen jokatu dutena. Bi aldeek egin dituzte akatsak, baina hobeki aprobetxatu ditu hauek Eibarrek. Garaipenak sailkapen nagusiaren erdialdean jarraitzea ahalbidetzen die eibartarrei. [Neurketaren xehetasunak]

Hirugarren minutuan epaileak agindu duen penalti batek segituan jarri du markagailuan aurretik Eibar Sportingen aurka Gijonen jokatu duen neurketan. Adriani egin diote penaltia, eta berak egin du partidako lehen gola.

Bederatzigarren minutuan, baina, eta gaur atean zen Asier Riesgoren huts egite baten ondorioz, berdinketa ezarri du markagailuan Carmonak. Kontrolik gabeko neurketa lehenengo minutuetan, eta hala jarraitu du gerora ere.

21. minutuan egin dute eibartarrek bigarrena, Pedro Leonek Cuellarrek baloia urruntzen saiatzean egin duen akatsa aprobetxatu baitu. Ordurako, baina, min hartua zen Riesgo, eta zelaia utzi behar izan du 25. minutuan.

Jasotako bigarren golaren ostean baloia jokoan jarri eta minutu eskasera egin dute huts berriro Granadaren atzelariek, eta hirugarrena egin du ondorioz Lunak. Halaxe iritsi da neurketa atsedenaldira. Nahiz eta Eibarrek partida kontrolpean zuela eman, dezente zaildu zaizkio gauzak bigarren zatian.

Atsedenalditik itzuli eta berehala laugarrena egiteko aukera izan du Eibarrek, baina Sporting izan da, Casesen bidez, bere taldearen bigarrena egin duena 57. minutuan. Ondorioz, eta aukera garbirik sortu ez badu ere, partiduan sartuta egon dira etxekoak amaiera arte.

Errepasatu neurketaren xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.