Arantxa MANTEROLA
baiona
Entrevista
DANIEL OLZOMENDI
IZURA-AZMEKO AUZAPEZA ETA IHOLDI-OZTIBARREKO LEHENDAKARIORDEA

Daniel Olzomendi: «Elkargoarekin aitzina egingo dugu, baita herri txikietan ere»

Alain Iriart Hiriburuko auzapezarekin batera, EH Bai-ko hautetsia Euskal Elkargoa martxan jartzeko aurrelanetan aritu da Gidaritza Batzordean. Gaur Baionan egingo den eratze-bilkura ofizialaren aurretik bere iritziak eta itxaropenak azaldu dizkigu.

Zertaz arduratu zarete hautetsi abertzaleak Euskal Elkargoa sortzeko Gidaritza Batzordean?

EH Bai-koak bi izan gara bertan, Alain Iriart eta ni neu, baina gure ideietatik oso hurbil dauden beste batzuk ere aritu dira, esaterako, Bruno Carrere Uztaritzeko auzapeza. Gure lana batzorde zenbaitetan banatu da baina, funtsean, egitura berria abian jartzeko itun politikoaren eta itun fiskalaren printzipioak adostea izan da helburua.

Nolako lan giroa izan duzue batzorde horretan, batez ere Elkargoaren sorrerarekin ados ez zeudenekin hasieran zenbait gorabehera eta kontraesan izan direla ikusita?

Egia da ados ez zeudenekin pataska batzuk izan direla. Hasteko, Elkargoaren sorrerari helegiteak jarri dizkietenak bertan izan behar ziren edo ez eztabaidan aritu ginen. Baina gehiengo oso handia lanari ekiteko prest zegoen eta azkenean kontrakoek ere heldu diote zereginari, beharrezkoa zela ikusi baitute.

Hain zuzen, auzitegietan jarri dituzten helegiteek gauzak oztopatuko dituzte? Elkargoa bera arriskuan jartzeko aukerarik ikusten duzu?

Ni ez naiz espezialista afera horietan baina, iduriz, forma aldetik errekurtsoak baztertuak izan dira jada eta orain funtsari dagozkien deliberoak ukaiteko pare bat urte igaroko dira. Juristen arabera, hor ez lukete aintzat hartuak izateko aukera handirik, zeren helegite horiek ez liokete soilik Euskal Elkargoari eragingo, Estatu osoko erreformari baizik.

Lehen aipatu duzun gobernantza itun hori zertan datza orokorrean?

Printzipio nagusietan, adibidez, barnealdearen eta kostaldearen arteko elkartasuna behar dela, ez da eztabaida handirik izan, denak ados ginen. Itun hori adosteko denbora asko pasatu dugu ordezkaritza sistemarekin, hau da, lurralde bakoitzetik egituretan zenbat ordezkari izango ziren erabakitzen. Kostaldeko elkargoetako hautetsien kopuruan zentratu da eztabaida.

Zenbat hautetsi abertzale izango zarete egituretan?

Kontseiluan orotara 233 hautetsi izango dira eta horietatik 30 edo 40 bat abertzaleak. Gainerako bi egituretan –Iraunkorrean eta Exekutiboan– ezin dut oraindik deus esan, otsailaren 4ko saioan bozkatuko baitira. Hori bai, abertzaleok egitura horietarako ere gure hautagaiak aurkezteko asmoa dugu.

Presidentetzarako Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza babesteko asmoa duzue?

Tokiko bilkuretan eztabaidatu eta erabaki dugu abertzaleok ez dugula Etchegarayren parean gure hautagairik aurkeztuko eta, gure aldarrikapen asko bultzatzen dituenez, bere alde bozkatzea ere bai. Beraz, bere burua lehendakaritzako aurkeztu duen Gotaineko auzapeza ez dugu babestuko, Elkargoaren proiektuaren arrunt kontrakoa baita.

Abertzaleek argi utzi duzue Elkargo hau zuen helburuetarako ‘urrats bat’ dela. Ildo berezi bat jarraituko duzue edo lehentasun batzuk finkatu dituzue zuen bidea urratzen segitzeko?

Orain artean funtzionatu duten hamar elkargoetan egin dugun lanari esker gure lekua egin dugula nabarmendu nahiko nuke lehenik. Zilegitasuna lortu dugu. Elkargo berrian ere gure ahotsa eta aldarrikapenak presente izango dira batzorde desberdinetan (laborantza, hizkuntza politika, e.a.) egingo dugun lanaren bidez. Erabat murgilduko gara egitura berrian.

Zu barnealdeko herri txiki bateko auzapeza zara. Elkargo berriarekin kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka hobeto lortuko dela entzun da. Hala izango da, zure ustetan?

Herri elkargo txikieneko lehendakariorde izan naiz eta zailtasunak gertutik ezagutzen ditut. Guk ere baditugu ideiak eta badakigu barnealdea egituratzeko zer behar den, baina ingeniaritza eta bitartekoak falta zaizkigu. Halere, uste dut sail askotan gure planteamenduak kostaldean ere partekatzen ahal direla. Izan ere, kostaldeko hautetsi andana dago gure proiektuak defenditzeko prest eta Ipar Euskal Herri osoaren ikuspegitik lurraldeen arteko oreka erdiesteko. Harreman hori sendotuta eta bakoitza bere aldetik aritu ordez denen artean lanean elkar hartuta, azkarrago izango gara baita proiektuentzat dirua eskatzeko ere. Ikuspegi orokor eta iraunkor horrekin politika nagusiak eramaterik izango ditugu, adibidez mugaz gaindiko politikan.

Hori dena abian jartzeko trantsizio denbora bat beharko da, jakina. Nola ikusten duzu etorkizuna, zailtasunez, kezkaz, ilusioz?

Bistakoa da herritar guztiek ez dutela politika gustuko eta ez dutela ulertzen zer pasatzen den elkargo berri honekin, baina beren egunerokotasunean ez lukete aldaketarik sumatu behar. Zerbitzuen kalitatea atxiki behar da eta hori lehentasuna izango da. Gero antolakuntza orokorra konkretuki abian jartzeko, beharbada bi urte pasatuko dira, bai, baina orain arteko gauzek funtzionatzen segituko dute. Ez da deus gibelatuko; aitzitik, sistema honekin aitzina egingo dugu, baita herri txikiek ere. Ez da uzkur izan behar, Elkargoa aitzinago joateko eta lana hobekiago egiteko aukera bat baita.