Haritz Larrañaga

Minbiziari aurre egiteko Oier Gomezen askatasuna eskatu dute

Estatu frantseseko Meaux-Chauconin-Neufmontiers espetxean aurkitzen den preso politikoaren baldintzapeko askatasuna eskatu dute bere abokatuek, medikuek topatu berri dioten sarkoma tumore gaiztoa «baldintza normaletan» artatu ahal izateko.

Bagoazek Oier Gomez euskal preso politikoaren egoera salatu du Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bagoazek Oier Gomez euskal preso politikoaren egoera salatu du Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Gasteizko presoak minbiziari aurre egin behar dion bigarren aldia da, izan ere 2013an Hodgin-en linfoma tumorea gainditu ahal izan zuen kimioterapia tratamendu gogor baten ostean. Pasa den urtarrilaren 10ean berriz, Pitie Salpetrie erietxeko medikuek bigarren tumorea diagnostikatu zioten, baina oraindik zein motatako sarkoma den jakiteko azken ikerketen emaitzen zain daude.

Edonola ere, «eritasuna larria da», eta abokatuek Gomez ospitalera eraman zuten unetik jasaten ari den tratu «inhumanoa» salatu dute. Clara Rouget abokatuaren esanetan, «ospitalera eraman zutenean ezin zuen oinez ibili, baina hala ere orkatilak eta esku muturrak lotuta eraman zuten».

Gomez jasaten ari den tratuaren inguruko zenbait adibide eman ditu Rougetek Baionan,  Bagoaz kolektiboak eman duen prentsaurrekoan. Modu berean, Emilie Martin bozeramaileak «muturreko baldintzek sortzen dituzten ondorio larriak» salatu eta Estatu frantsesari zuzendu zaio «bake prozesuan engaiatu eta larri diren presoak askatu» ditzatela eskatzeko.

Martinek gaineratu du, abokatuek aste honetan epaileari egin dioten «zigor suspentsio eskaeraren ostean, data eta epeak jakiteko zain» daudela, horren arabera «Bagoazek mobilizazioak deituko» baititu.