NAIZ

Euskal eta japoniar gastronomiek bat egin dute

Bilbo eta Japoniako Tsuruoka hiria gastronomiaren eskutik elkartu dira, hiri japoniarreko hiru sukaldari Alvaro Garrido, Jose Miguel Olazabalaga eta Sergio Ortiz de Zarate euskal sukaldariekin batera arituko dira elkarlanean.

«Tsuruoka meets Bilbao» ekimenaren barruan Euskal Herriko eta Japoniako sukaldariak elkarlanean arituko dira eta afari bat egingo da, asteazkenean, otsailaren 15ean, Aizian jatetxean.

Ryoichi Saito, Kimitoshi Arisaka eta Takehiko Shoji chef japoniarrak «Bilboko kultura gastronomiko tradizionala ezagutzeko eta teknika eta metodo berriak ikasteko irrikan» daudela ziurtatu dute. Ryoichi Saitok esan duenez, Euskal Herriak «kostaldeko sukaldaritza bikaina» garatu du, arraina erdigune izanik, baita barnealdeko sukaldaritza ere, haragia eta barazkiak protagonista dituena.

Kimitoshi Arisakak adierazi du Bilbon egingo duen egonaldian «nire elikaduraren sena berrikusi» nahi duela, eta horrela, «oinarri-oinarrira itzuli». Takehiko Shojik, berriz, bertoko chefekin egon nahi du, «euren gastronomiarenganako grina ezagutzeko».

Ekimenean parte hartuko duten euskal sukaldariek nazioartean ospe handia dute. Alvaro Garridok Mina jatetxea kudeatzen du. 2012tik Michelin izar bat dauka. Garridok sukaldaritza kosmopolita lantzen du eta Asiako sukaldaritzako tresnak maisuki erabiltzen ditu, esaterako, woka eta kamadoa (labe japoniarra).

Jose Miguel Olazabalaga Aizian jatetxeko chefa da. Espainiako Sukaldari Gazteen Txapelduna izan zen 1998an eta Pil-Pil saria jaso zuen platerrik irudimentsuenagatik, besteak beste. Bestalde, Sergio Ortiz de Zarate sukaldaritza tradizionalaren zalea da, batez ere arrainari dagokionez. Zarate jatetxeak Michelin izar bat dauka 2015etik.