Ramon Sola

Sasetaren egia eta baloreak irakasteko eskatu dute bere 80. urteurrenean

Gaur duela 80 urte, Asturias aldean guda fronteko lehen lerroan zelarik, Kandido Saseta Eusko Gudarosteko agintari nagusia hil zuten frankistek, Areces izeneko herrixkan. Bere omenezko bi ekitaldi hartu ditu gaur Hondarribiak, bere jaioterriak. Goizekoan, ikastetxe eta unibertsitateetan nor zen irakasteko eskatu du Sasetaren Aldeko Taldeak. Arratsaldean Udaleko, Foru Aldundiko eta Lakuako agintariak izan dira.

Kandido Saseta gudarien komandante burua omentzeko ospakizun xumea egin du Hondarribiko Sasetaren Aldeko Taldea delakoak goizean, hil zuteneko 80. urteurrenean. Hilerriaren atarian Jose Ramon Enparanek nabarmendu duenez, Kandido Sasetaren «bizitza eta baloreak» ikastetxe eta unibertsitatean irakasgai beharko lirateke izan, hurrengo belaunaldiek ere nor zer eta zertan zebilen ondo jakin dezaten.

Asturiaseko Areces herrian hil zuten Kandido Saseta, ehun gudari ingururekin batera, gehienak EAE-ANVkoak. Jose Antonio Agirre lehendakariaren agindua betez, Errepublikarentzat Oviedo berreskuratzen laguntzeko hara joana zen batalioia.

Haren gorpuzkinak duela bederatzi urte aurkitu eta lur azpitik atera zituen Aranzadi Elkarteak, eta horri esker gaur bere herrian lurperaturik daude, Hondarribian, Jose Bergamin idazlearen gorpuaren ondo-ondoan.

Goizeko ekitaldia xume-xumea izan da. Hilobian loreak jarri dituzte bildutako dozenaka lagunek, eta gero Saseta ere gorapaitzen duen Eustakio Mendizabal «Txikia»-ri eskainitako kantua zein ‘Eusko Gudariak’ abestu dituzte.

Udala, Foru Aldundia, Lakua

Arratsaldean omenaldi ofiziala egin dute toki berean Hondarribiko Udalaren, Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren ordezkariekin. Egun 98 urte dituen eta Eusko Gudarosteko kide izan zen Gerardo Bujanda izan da protagonista ekitaldian. Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Sasetarena eta Bujandarena «urrezko belaunaldia» izan zen, faxismoari aurre egin ziona.

Olanoz gain Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu, Lakuako Gobernuko bozeramaile Josu Erkoreka eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua izan dira ekitaldian, baita Juan Mari Atutxa, Arnaldo Otegi eta Xabier Arzalluz ere, beste batzuen artean.