NAIZ
BAIONA

Armagabetzeari buruzko Biarritzeko foroaren egitarau osoa aurkeztu du Bake Bideak

‘Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura’ lelopean hilaren 17 eta 18an Biarritzeko Bellevue aretoan egingo den foroaren egitarau osoaren berri eman du Bake Bideak. Euskal Herriaren egoera izango da aztergai nagusiki, baina Kolonbiako bake prozesuari ere erreparatuko diote.

Hilaren 17 eta 18an armagabetzea izango dute hizpide Biarritzen eta foroaren antolatzaile den Bake Bideak egitarau osoaren berri eman du. 

Aurreneko egunean, Kolonbiarantza zuzenduko du begirada Biarritzeko Bellevue aretoan egingo den foroak. Herrialde horretako bake prozesuaren baitako bake akordioetan FARCen laguntzaile juridikoa izan den Enrique Santiago abokatua eta Conciliation Resources erakundeko Kriztian Herbolzheimer izango baitira hizlari, iluntzeko 20.30etik 22.00etara egingo den saioan. Armagabetze prozesuaz mintzatuko da Santiago eta Herbolzheimer, aldiz, bake prozesuan jendarte zibilak izan duen parte hartzeaz arituko da.

Biharamunean, goizeko 9.00etan hasiko da saioa. Michel Veunac Biarritzeko auzapezaren harreraren ondotik, Berghof Fundazioko Veronique Dudouetek eta Versaillesko Dei Gorteko epaile den Serge Portellik hartuko du hitza, desarmatze prozesuen printzipioez hitz egiteko.

Ondoren, Luhuson izan zen polizia operazioaren harira, bertan atxilotua izan zen Mitchel Berhocoirigoinek, Anaiz Funosasek eta Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak egoeraren irakurketa egin eta aurreikuspenak plazaratuko dituzte.

Azkenik, operazioa izan zen egunean Luhuson egotekoa zen Michel Tubianak hartuko du hitza. Estatu frantseseko Giza Eskubideen Ligako Ohorezko presidentea da, eta hari dagokio foroari itxiera ematea.

Foroaren aurkezpenean Bake Bideak azaldu zuenez, Luhuson gertatutakoak mugarri bat markatu du Euskal Herrian. «Estatuen mespretxuaren aurrean, eragile instituzional, sozial eta politikoekin armagabetze prozesu bat eraikitzen ahal dugu», azpimarratu zuren.

Izan ere, bake-artisauen atxiloketak eta ondoren izandako erreakzio askotarikoak (atxikimenduak, 4.000 lagun Baionako karriketan, Bilboko eragile politiko eta sozialen agerraldia, Ipar Euskal Herriko 700 hautetsien gutuna Parisko gobernuari...) egiazko astindua eragin dute, «perspektiba berriak» zabalduz.

«Euskal gizartean gauzak laster mugituko diren sentimendua sumatzen dugu. Are, konponbide prozesua, armagabetzearen eta preso eta iheslarien gaiak barne, bururaino eramateko borondate irmoa erakutsi eta eginkizun hori bere ere egin duela uste dugu» adierazi zuten.