NAIZ

‘Argia’ko kazetari bati jarritako isuna bertan behera utzi du espainiar Gobernuak

‘Argia’ko Axier Lopezi duela urtebete, mozal legea baliatuta, ezarritako isuna kendu dio espainiar Gobernuak. Epaiketa baino astebete lehenago eta aldizkariak jarritako helegitearen ostean, auziarekin aurrera jarraitzeari uko egin dio Madrilek.

Axier Lopez kazetariari mozal legea baliatuta ezarritako isuna bertan behera utzi du espainiar Gobernuak, ‘Argia’k jakinarazi duenez. Azaldu dutenez, aldizkariak jarritako helegitearen ostean eta «Javier de Andres EAEko espainiar ordezkariaren bitartez» geratu da bertan behera.

Datorren astelehenerako zegoen aurreikusia epaiketa Lopezek txio batean polizia operazio baten berri eman ostean. Irudian poliziak ateratzen zirela argudiatuta, isuna jaso zuen kazetariak. Naroa Ariznabarretaren atxiloketa «baimenik gabe» zabaltzea leporatzen zitzaion. Era berean irudietan «agenteak identifikatu» zitezkeela eta honek «arriskua» suposa zezakeela zioen salaketak.

Duela urtebete isuna jartzean ez zutela «behar bezala argudiatu» dio Madrilgo Gobernuak, aldizkariak baieztatu duenez.