NAIZ

Zinegoak jaialdiak 8.000 lagun baino gehiago bildu ditu

Zinegoak Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 14. edizioaren balorazio positiboa egin du eta pozik agertu da publikoarengatik jasotako erantzunarengatik.

Zinegoak jaialdiko aurtengo kartela
Zinegoak jaialdiko aurtengo kartela

Zinegoak jaialdiak «apustu garrantzitsua» egin duela aurtengo edizioan nabarmendu du antolauntzak, programazioa bikoiztuz (astebete izan beharrean, aste biko programa izan da) eta dokumentalen presentzia handituz, fikzioekin parekatuz. Horrela, antolakuntza pozik agertu da publikoak aldaketaren aurrean izan duen erantzunarekin, 8.000 lagun baino gehiago gerturatu baitira Bilboko 14 areto ezberdinetan antolatu diren jardueretara, aurreko edizioetan baino gehiago.

Dokumentaletan, adibidez, nabarmena izan da publikoak izan duen erantzuna, saio asko beteta egon direlako. «Hedapena amaitzen denean, publikoaren balorazio orokorra egingo dugu, baina seguru gaude guztira 10.000 lagun baino gehiagotara helduko garela», azaldu du Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak.

Arriaga Antzokian egindako hasiera ekitaldia izan zen jarduerarik jendetsuena, eta, beste urte batez, Bilborock izan da «publikoaren erreferentzia nagusia», aste bietan zehar publikoa mantentzea lortuz. BilbaoArtek ere «publiko fidela» izatea lortu duela azpimarratu du.

Era berean, jaialdiak «publikoa zabaltzen» jarraitu du eta jaialdiarekiko interesa handitu du (webguneko bisiten kopurua handitu da, hedabideetan izandako oihartzuna handitu da eta abar). Horri esker, «Zinegoak Bilboko jaialdietako erreferenteetako bat bihurtu da», nabarmendu dute.