NAIZ
DONOSTIA

Etxetik kanpo ere irabazten badakiela erakutsi du Athleticek Anoetan (0-2)

Merezitakoa eta garbia izan da Athleticek Anoetan lortu duen garaipena. Etxekoak baino gehiago izan dira eta Raul Garcia eta Williamsen golei esker buru-belarri sartu dira Europa Leaguen jokatzeko aukera ematen duten postuen lehian. [Partidaren xehetasunak]

Athleticeko jokalariak, lehenengo gola ospatzen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Athleticeko jokalariak, lehenengo gola ospatzen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Athleticek etxetik kanpo ere irabazten badakiela erakutsi du, Anoetan. Nagusi izan dira zuri-gorriak igande eguerdi honetan jokatu den euskal derbian, eta donostiarrengatik lau puntu atzetik kokatu dira sailkapen nagusian, zazpigarren, Europa Leagueko postuan are gehiago estutuz.

Aukera ederra zuen Realak hiru puntuak eskuratu eta datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela ia erdietsita uzteko, baina puntu gosez zelairatu dira lehoiak Anoetan. Partidua, baina, orekatuta hasi da, abiadura eta intentsitate handian.

Pixkanaka, ordea, Athletic joan da gailentzen jokoan. Realak ez du aurkitu ohi legez baloia atzetik aterata jokatzeko biderik, zuri-gorriek goian egin duten presio finari esker batik bat. Hala, bisitarienak izan dira lehenengo aukerak: Rulliren aurrean bakarrik jaurti du Raul Garciak 17. minutuan, baina atezainak atera dio baloia.

Minutu pare baten buruan aukera berri bat izan du Raul Garciak, baina kanpora joan zaio burukada. Baina hirugarrenean bai, hirugarrenean ate barrura jaurti du aurrelari zuri-gorriak, penaltiz izan bada ere. Xabi Prietok egin dio penaltia Yerairi, egiten duen lehenengo penaltia Lehenengo Mailan.

28. minutua eta huts eta bat bisitariak aurretik. Orduan hasi da Reala bere futbola egiten eta atsedenaldira iritsi aurretik banakoa egiteko aukera izan du Juanmik. Neurketa, baina, 0-1 iritsi da atsedenaldira.

Deskantsu hartzetik bueltan, Realak hartu du partidako agintea, neurketa berdindu nahi horretan. Baina sekulako kolpea hartu dute donostiarrek Williamsek, Realeko atzelarien hutsa baliatuz, bigarrena egin duenean 55. minutuan. Hortik aurrera kontrolpean izan du neurketa Athleticek, eta hirugarrena egiteko aukerarik ere izan du.

Esaterako, Adurizek zutoinera jaurti du baloia 67. minutuan. Baina Realak ere izan ditu bere aukerak: Raul Navasek eginiko gol bat legez kanpo utzi diote ustez falta egin duelako eta Iñigo Martinezen burukada batek zutoina aurkitu du parean.

Azkenean, baina, merezitako garaipena bilbotarrentzat, zeinak Europa Leagueko postuak lehiatzeko borrokan buru-belarri sartu diren.

Errepasatu partidak utzi dituen estatistika nagusiak NAIZen webgune berezian.